Mundua -
Israelgo Parlamentua
Estatu palestinar baten aurka azaldu da Kneset, diplomaziaren aldeko babesa handitzen ari den bitartean
Hala, Knesetek Benjamin Netanyahuren Gobernuaren jarrera babestu du. Ahmed Tibi diputatua palestinarra saiotik kanporatu dute, Israelgo lehen ministroaren hitzaldia eten ostean, "estatu palestinar bat ezarriko dute" oihukatuz.
Agentziak | EITB Media
Kneset (Israelgo Parlamentua) Estatu palestinar baten aurka azaldu da gaur. Egun berean, ia israeldarren % 44k (urtarrilean baino % 8,2 gehiagok) gatazkari irtenbide politikoa ematea babesten dutela jakin da.
Horrela, Knesetek duela hiru egun Benjamin Netanyahuren Gobernuak hartutako erabakia babestu du, 120 parlamentaritatik 99ren babesarekin eta kontrako 9 botorekin. Ganberak onartutako testua Gobernuak hilaren 18an sinatu zuen bera da.
Ebazpenaren aurkako diputatuetako bat, Ahmed Tibi palestinarra, saiotik kanporatu dute, Israelgo lehen ministroaren hitzaldia eten eta gero, "Estatu palestinarra ezarriko dute" oihukatuz, politikari palestinarrak X sare sozialean jakitera eman duenez.
"Israelek erabat arbuiatzen ditu palestinarrekin akordio iraunkor bati buruzko nazioarteko aginduak. Akordioa, lortzen den neurrian, aldeen arteko zuzeneko negoziazioen bidez baino ez da egingo, aldez aurreko baldintzarik gabe", dio onartutako testuak.
Netanyahu pozik agertu da emaitzarekin, eskerrak eman dizkio Israelgo oposizioari proposamenari emandako babesagatik, eta ziurtatu du ez zuela gogoratzen ekimen bakar batean ere hain gehiengo zabala izatea.
Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Estatu palestinarra sortzeko proposamen bat jakitera emateko asmoa dute, Gazan bahituak askatzea ekar dezakeen su-eten baten baitan, Washington Post egunkari estatubatuarraren artikulu baten arabera.
Irtenbide politikoaren babesak, gora
Gobernua eta, azken buruan, lehen ministroa babesteko Parlamentuaren mugimenduarekin bat eginez, gaur Israelgo Demokraziarako Institutuak (IDI) egindako inkesta bat argitaratu da, gatazkaren konponbide diplomatikoa babesten duten gero eta ahots gehiago daudela erakusten duena.
Inkestatuek erantzun positiboa eman zioten galderari: erasoaldia etetearen alde edo kontra egingo luke, bahituen askatasuna, "epe luzerako lasaitasun militarra" AEBen bermearekin, Saudi Arabiarekin bakea, preso palestinarren askatasuna eta, epe luzera, estatu palestinar desmilitarizatua ezartzea barne hartzen dituen akordio batean.
Israeldar arabiarren artean, % 77ko gehiengo zabala (urtarrilaren 10ean % 69koa izan zen) alde agertu da, eta % 9k soilik adierazi du aurka egingo lukeela. Judu israeldarren artean, aldiz, % 55 kontra azaldu dira nolabait, baina aldekoen portzentajea % 29tik % 37ra igo da.
Bitartean, Gazako Zerrendaren barruan, sarraskiak jarraitzen du, eta hildako palestinarren kopurua 69.300 baino gehiago dira dagoeneko. Urriaren 7tik, zaurituak 69.333 inguru dira, baina hildakoak gehiago izan daitezke, hondakinen azpian 8.000 gorpu inguru daudela uste baita.