Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Palestinako Aginte Nazionaleko Gobernuak dimisioa aurkeztu dio Mahmud Abbas presidenteari
Gazako gerraren osteko eszenatokian, nork aginduko duen eztabaidatzen ari diren honetan eman dute dimisioa gobernuko kide guztiek. Nazioarteko komunitateak Palestinako Aginte Nazionalaren aldeko hautua egiten du, Israelek, ordea, zalantzak ditu.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Palestinako Aginte Nazionaleko Gobernua osatzen duten kide guztiek dimisioa aurkeztu diote astelehen honetan Mahmud Abbas presidenteari, Mohamed Shtayeh lehen ministroak iragarri duenez.
Gobernuak Ramalan (Zisjordania) bilera hasi aurretik lehen ministroak azaldu duenez, otsailaren 20an jakinarazi zion gobernuaren dimisioa herrialdeko presidenteari, eta gaur idatziz aurkeztu dio.
Shtayehek azaldu duenez, Gazako Zerrendan gertatzen ari den "erasoarekin" eta Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean gertatzen ari den aurrekaririk gabeko "eskaladarekin" du zerikusia erabakiak.
Horren esanetan, Palestinako herria aurrekaririk gabeko egoerei aurre egiten ari da: "eraso basatiak", "genozidioak", "behartutako desplazamenduak", "gosetea", "kolonialismoaren gorakada", "kolonizatzaileen terrorismoa", eta herrixken inbasioak Jerusalemen eta Zisjordanian.
Gazako gerra oraindik amaitu ez bada ere, gerraostean nork aginduko duen eztabaidatzen ari dira aldeak une honetan, besteak beste. Edozein kasutan, Israelek ez du inolaz onartuko Hamasek berriro agintzea.
Nazioarteko komunitateak Palestinako Aginte Nazionalak gobernatzea proposatzen du, gaur-gaurkoz Zisjordaniako eremu batzuetan agintzen du. Israelek, ordea, aukera horren inguruko zalantzak agertu ditu.