Mundua -

AEB

Israeli armak bidaltzeari uzteko eskatu diote Bideni Pelosik eta beste 39 demokratak

Joe Bideni eta Antony Blinken Estatu idazkariari eskatu diete Israelera armak bidaltzea berraztertzeko eta hemendik aurrerako arma-bidalketak eteteko, World Central Kitchen gobernuz kanpoko erakundearen aurkako erasoa erabat ikertu eta Gazako egoera humanitarioa arindu arte.

Nancy Pelosi, EFEren artxiboko irudi batean.
Nancy Pelosi, EFEren artxiboko irudi batean.
Nancy Pelosi, EFEren artxiboko irudi batean.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nancy Pelosi Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako presidente ohiak, Joe Biden presidentearen aliatu estua denak, eta beste 39 legegile demokratak gutun bat sinatu dute Israelera armak bidaltzea bertan behera uzteko eskatuz.

Ostiralean argitaratutako gutunean, legegileek "kezka eta haserrea" adierazi dute apirilaren 1ean World Central Kitchen (WCK) Jose Andres sukaldari espainiarrak sortutako gobernuz kanpoko erakundeko zazpi kooperante hil zituen erasoagatik.

Eraso horren aurrean, Joe Bideni eta Antony Blinken Estatu idazkariari eskatu diete Israelera armak bidaltzea berraztertzeko eta hemendik aurrerako arma-bidalketak eteteko, World Central Kitchen erakundearen aurkako erasoa erabat ikertu eta Gazako egoera humanitarioa arindu arte.

"Langile humanitarioen aurkako erasoa, eta larriagotzen doan krisi humanitarioa ikusita, uste dugu justifikaezina dela arma-transferentzia horiek onartzea", dio Pelosik eta beste 39 demokratak sinatutako gutunak, besteak beste, jatorri palestinarreko Rashida Tlaib aurrerakoiak eta Alexandria Ocasio-Cortezek.

Era berean, Bideni eskatu diote ez ditzala Israelera bidali aste honetan bertan iragarritako diametro txiki eta ertaineko 2.000 bonba. Pakete hori WCK-ko zazpi boluntarioen aurkako erasoa gertatu baino lehen onartu zen.

Gutunak badu garrantzia, izan ere, Pelosi Estatu juduaren defendatzaile sutsua izan da beti, eta gutunean aldatu egin du orain arte Israel babesteko erakutsi duen jarrera, eta, bide batez, agerian utzi du Israelera armak bidaltzearekin amaitzeko ideia ez dela soilik Alderdi Demokrataren alde aurrerakoiaren eskaera bat, demokrata asko agertu baitira horren alde.

Gainera, Alderdi Demokratan pisu handia duen beste politikari batek, Chuck Schumer Senatuko gehiengoaren liderrak, Israelen hauteskundeak aurreratzeko eskatu zuen martxoan, Benjamin Netanyahu lehen ministroa bakerako oztopo dela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak albisteak Joe Biden Ekialde Hurbila