Mundua -
GAZA ERASOPEAN
120 palestinarren gorpuak aurkitu dituzte Jabalian, tropa israeldarrak atera ostean
Gudan hildako palestinarrak 36.439 dira jada, horien % 70 emakumeak eta haurrak, azken 24 orduetan 60 gehiago hil baitira, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.
agentziak | eitb media
Gazako agintariek 120 palestinar baino gehiagoren gorpuak berreskuratu dituzte Jabalia hiriko errefuxiatuen kanpalekuko hondakinen artean, Gazako Zerrendaren iparraldean. Israelgo Armadak duela bi egun alde egin zuen bertatik, ia hiru asteko setio militarraren ostean.
Kamal Adwan ospitaleko iturriek baieztatu dute datua. Israelgo indarrek maiatzaren 21ean egin zioten eraso osasun-zentroari, eta ebakuatu egin behar izan zuten, ez baitzegoen lanean jarraitzeko moduan.
Israelgo Armadak gerraren hasieran suntsitutako lehen eremuetako bat izan zen kanpamentua, baina maiatzaren hasieran iturri militarrek esan zuten Hamas berriz biltzen ari zela bertan; beraz, Israelgo tropek berriro hartu zuten hiria.
Operazio militarrak ia hiru aste iraun du eta hamar soldadu israeldar hil dira, The Times of Israel hedabideak egindako zenbaketaren arabera. Gainera, Israelek zazpi bahituren gorpuak berreskuratu ditu bertan.
Militarrek alde egin zutenetik, errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentziak (UNRWA) salatu du milaka herritar hondakinen eta suntsitutako zentroen artean bizitzera behartuta daudela.
36.400 palestinar baino gehiago hil dira Israelek Gazan egindako erasoetan; 60 azken 24 orduetan
Gudan 36.439 palestinar hil dira jada, horien % 70 emakumeak eta haurrak, azken 24 orduetan 60 gehiago hil baitira, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.
"Israelen okupazioak lau sarraski egin ditu familien aurka Gazako Zerrendan, 60 hildako eta 220 zauriturekin azken 24 orduetan", jakinarazi du Ministerioak. Ondorioz, ospitaleratutako zaurituen kopurua ere 82.627ra igo da.
Gainera, agintarien ustez, 10.000 gorpu baino gehiago daude hondakinen artean, eta sorosleek eta defentsa zibileko taldeek ezin dituzte berreskuratu, segurtasun edo erregai faltagatik.