Mundua -
Gaza erasopean
Gutxienez 40 pertsona hil eta beste 150 zauritu dituzte Gazan azken orduetan
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du "hutsuneak" daudela Israelen proposamenaren eta Joe Biden presidente estatubatuarrak iragarritako bertsioaren artean, eta su-etena aldi baterakoa izango litzatekeela berretsi du, baina ez lukeela gerraren amaiera ekarriko.
Agentziak | EITB MEDIA
Gutxienez 40 gazatar hil dituzte eta beste 150 zauritu Israelek Gazako Zerrendan azken 24 orduetan egindako erasoetan, Hamasek kontrolatutako Osasun Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez.
Hala, hildakoen kopurua 36.479ra igo da, eta zaurituena, berriz, 82.777ra. Biktima gehienak (% 70 inguru) emakumeak eta haurrak dira.
Zortzi hilabeteko gerraren ostean, eta Israelen eta Hamasen artean bahituak trukatzeko akordio berria eta su-etena mahai gainean daudela, Armadak operazio militarrari eutsi dio Gazan. Rafah eta Jan Yunisen (Palestinako hegoaldean) eta Gaza hirian (iparraldean) egin ditu erasoak astelehen honetan.
Rafahn milioi bat pertsona baino gehiagok ihes egin behar izan dute dagoeneko. Bestalde, errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentziak (UNRWA) Israelgo Armadak jatorri errusiarreko tankeen aurkako misilak aurkitu dituztela jakinarazi du.
Gaur-gaurkoz, Rafahn dauden 36 babeslekuak hutsik daude, 1,7 milioi pertsona inguruk Jan Yunisera eta Gazako hegoaldeko eta erdialdeko beste eremu batzuetara ihes egin ostean. Ospitaleak ere ez daude martxan, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) gogorarazi duenez.
Jan Yunisen, militarrak hiriaren ekialdean sartu ziren eta Abasan al Jadidah eta al Zana herrietarantz joan ziren, ehunka herritar mugiaraziz artilleria bonbardaketen eta tiroketen ondorioz, Wafa albiste agentzia palestinarrak jakinarazi zuenez.
Netanyahuk dio su-etena "aldi baterako" izango litzatekeela, bahituak askatzeko
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak astelehen honetan esan duenez, "hutsuneak" daude Israelen proposamenaren eta Joe Biden AEBko presidenteak ostiralean iragarritako bertsioaren artean. Su-etena aldi baterako izango litzatekeela berretsi du, baina ez lukeela gerraren amaiera ekarriko.
"Gure baldintzak bete gabe su-etena adostu genuela esatea ez da egia. (...) Bidenek aurkeztu zuen proposamena osatu gabe dago", adierazi du Netanyahuk Israelgo Parlamentuko Defentsa eta Kanpo Gaietarako Batzordean.
"Gerra gelditu egingo da bahituak berreskuratzeko, eta gero hitz egingo dugu. AEBko presidenteak ez zituen xehetasun batzuk jendaurrean aurkeztu", gaineratu du.