Mundua -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Estatu kolpe saiakera Bolivian, lehendakariari elkarrizketa eta greba amaiera Bilbobusen
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko ekainaren 27an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Estatu kolpe saiakera Bolivian: Bolivian huts egin du estatu kolpe ahaleginak eta atxilotu egin dute matxinada gidatu duen komandantea. Juan Jose Zuñiga armadako komandanteak tankeak eraman ditu La Paz hiriburuko gobernu egoitzaren atarira, baina Luis Arce presidentea babestu duten indarrek geldiarazi egin dituzte. Zuñigak argudiatu du Arcerekin hitz eginda zegoela dena eta presidentearen populartasuna igotzeko egin dutela.
- Pradales lehendakariari elkarrizketa: Imanol Pradales lehendakari berriari lehen elkarrizketa egingo dio gaur gauean EiTBk. Ajuria Enean izango da, zuzenean, 20:30ean ETB1en eta 21:30ean ETB2n. Bi elkarrizketak eitb.eus-en eta EITB Nahieran-en ere jarraitu ahalko dira. Lehendakari berriari egingo dioten lehen elkarrizketa izango da, inbestidura saioa egin eta larunbatean Gernikan karguaren zina egin ondoren. Pradales lehendakariak Euskadin ireki berri den aro politikoari, legegintzaldiko erronkei eta agintaldi berriaren ildo nagusiei buruzko galderak erantzungo ditu.
- Bilbobuseko greba, bertan behera: Bilbobuseko greba bertan behera gelditu da, langileek bart aurreakordioa berretsi ondoren. 650 langileetatik 527k parte hartu dute bozketan, horietatik 332k aurreakordioa babestu dute eta 186k kontrako botoa eman dute. Halaber, 6 boto baliogabe eta 3 boto zuri zenbatu dituzte. Gauzak horrela, iragan apirilaren 9tik Bilbobuseko langileak egiten ari ziren greba mugagabea bertan behera geratu da.