Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Israelek erasoak egin ditu Gazako Zerrenda osoan, polioarekin osasun egoerak okerrera egiten duen heinean
Blinken Israelera iritsi da su-etenerako negoziazioek aurrera egin dezaten, eta bien bitartean, Israelek hildako palestinarren kopurua 40.000ra iritsi da iazko urritik.
agentziak | eitb media
Israelgo Armadak erasoak egin ditu bart Gazako Zerrendaren iparraldean, erdigunean eta hegoaldean, eta 20 bat pertsona hil ditu, horietako batzuk haurrak, etxebizitzen aurkako bonbardaketetan.
Gutxienez lau palestinar hil ditu Israelek Jabaliako kanpalekuan, Nazio Batuen Erakundeak 1948an eraikitako babes eremuan, Israelgo Armadaren hegazkinek bi etxebizitza bonbardatuta. Wafa agentziak jakinarazi du oraindik biktimak bilatzen ari direla hondakinen artean.
Beste zazpi pertsona, tartean hiru haur, goizaldean hil dituzte Nuseirateko errefuxiatuen kanpalekuan dagoen etxebizitza dorre baten aurkako erasoan.
Gainera, Israelgo Armadak eta Al Qasam Brigadek baieztatu dute Jenin Zisjordaniako hirian drone batek hildako bi palestinarrak Hamaseko buruzagiak zirela.
317 egunez jarraian, eta orain arte 40.000 palestinar baino gehiago hil ostean, Israelek Gazako Zerrenda suntsitzen jarraitzen du, Nazioarteko Justizia Auzitegiari entzungor eginez, genozidiorik egin ez dezan eskatu baitzion.
Gainera, gutxienez 10.000 palestinar desagertuta daude, hondakinen artean hilda ziurrenik, eta 92.500 lagun zauritu dira. Bi milioi pertsona indarrez lekualdatu dituzte bizitzeko toki segurua bermatu gabe.
Polioa, ospitaleak itxita eta krisi humanitarioa, su-etenaren zain
Polioa zabaltzen ari dela, ebakuazio agindu gehiago daudela eta martxan dauden ospitale apurretako bat geldituko dela jakinda esnatu zen atzo Gaza, eta su-etenerako esperantza nazioartera mugatuz, Israel eta Hamas ez baitira ados jartzen baldintzen inguruan.
Ostiral gauean, Palestinako Osasun Ministerioak lehenengo polio kasua atzeman zuen Gazan, 25 urte gaixotasunaren arrastorik izan gabe igaro ondoren.
"Txertoa jasota ez zuen 10 hilabeteko haur bat da gaixoa", Osasun Ministerioaren arabera, Munduko Osasun Erakundearen beldurrak baieztatuz. Izan ere, duela hilabete ohartarazi zuen agerraldia egon zitekeela, Zerrendan aztertutako laginetan birusa atzeman ondoren.
Palestinako agintarien ustez, Israelen erasoaldiaren errua da agerraldia, garbiketarako eta higienerako produktuen hornidura zailtzen duelako, eta herritarrak hondakin artean eta kutsatutako ur artean bizi direlako.
Krisi humanitarioa erregai faltagatik ere areagotu da, ospitaleen lana eragozten duelako, eta Zerrendan dauden 36etatik soilik 16 daude partzialki martxan.
Zerrendaren iparraldean hiru ospitale bakarrik daude, eta horietako bat, Al Awada, jarduera kirurgikoa etetekotan da energiarik ez duelako.
Bien bitartean, Anthony Blinken, AEBren diplomaziaburua, bart iritsi da Israelera, Gazan su-etena lortzeko "esfortzu handia" bultzatzeko asmoz.
Dohako elkarrizketetan Hamas ez da parte hartzen ari, AEBren hasierako zirriborroa betetzea eskatzen duelako, eta datorren astean elkarrizketa gehiago izango dira Kairon, Joe Bidenen azken proposamena aztertzeko, Israelen eta islamisten arteko desadostasunak arintzeko asmoz.
Desadostasun nagusiak pasabideen kontrolari buruzkoak dira, Israelek bere esku izan nahi dituelako Filadelfia (Gaza eta Egipto arteko korridorea), armen kontrabandoa galarazteko, eta Nitzarim (Zerrendaren iparraldea eta hegoaldea banatzen dituena), milizianoen joan-etorria eragozteko.