Bake prozesua -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

'Denok ETAri begira ez egotea' eskatu du Larreinak

Amaiurreko diputatuaren ustez, arreta "normalizaziorako besteok egin behar dugun horretan" jarri behar da, eta, hain zuzen, "indar politiko askotan akats handiak daude" esparru horretan.

Rafa Larreina, Amaiurreko diputatua. Argazkia: EFE
Rafa Larreina, Amaiurreko diputatua. Argazkia: EFE
Rafa Larreina, Amaiurreko diputatua. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafa Larreinak adierazi duenez, "denok ETAri begira egon" ordez, arreta "normalizaziorako besteok egin behar dugun horretan" jarri behar da, eta, hain zuzen, "indar politiko askotan akats handiak daude" esparru horretan.

Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean esandakoaren arabera, ETAk desarmerako pausoak ematea "ETAren esku utzi beharko da", baina "garrantzitsuena besteok normalizazio politikoa lortzeko egiten duguna da, egin diren bidegabekeria guztiak zuzentzeko, Euskal Herriak eta Estatuak bizi duten gatazkari erantzungo dion bateratasun politiko berri bat bilatzeko".

ETAk Espainiako Gobernu zentrala alde batera utzi eta desarmatzeko erabakia hartzeko aukeraren aurrean, "alde bakarreko bidea da eraginkorrena eta sektore immobilistenak gehien izutzen dituena", Amaiurreko diputatuaren ustez. "Alde bakarreko bidean aurrera egitea garrantzitsua da eta, gainera, oso ezkorrak diren sektore immobilista horiek jokoz kanpo uzten ditu", gaineratu du.

ETAko presoei buruz, Irlandan bezala, normalizazioa lortzeko "oso paper inportantea" izan lezakete, Larreinaren ustez, baina PPren Gobernuak "eragozpenak" jartzen ditu, "PSOEren laguntzarekin iraganeko ikuspegi batekin jokatzen ari baita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea