Bake prozesua -

ETAren armagabetzea

ETA 'armagabetu eta desegin behar' dela berretsi du Jaurlaritzak

Halaber, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PP alderdietako ordezkariak ere ETAren azken agiriaren gainean mintzatu dira.

Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, artxiboko argazki batean. EiTB
Beltran de Heredia: 'ETAk berehala desegin behar du'

0:05

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak nabarmendu duenez, ETAk "armagabetzeari eta berehalako desegite prozesuari ekin behar die".

Sailburuak adierazpen hauek egin ditu larunbat honetan Barakaldoko BECen izandako Ertzaintzararen 25. promoziorako sarrera-frogetan.

Aste honetan Biarritzen izandako polizia-operazioaren harira, agiria kaleratu du ETAk, eta bertan jazotakoa "armen zigilatzearen aurkako eraso zuzena" dela salatu du ETAk.

Bestalde, Beltran de Herediak nabarmendu duenez, "Eusko Jaurlaritzak askotan esan du zein den ETAri egiten diogun eskaera". "ETAk armagabetu behar du, eta berehala desegin egin behar da", errepikatu du.

ETAren azken agiriaren harira, Eusko Legebiltzarreko indar politikoek euren iritzia plazaratu dute Radio Euskadiko eztabaida politikoan.

EAJ

Gauzak horrela, Joseba Egibar Eusko Legebiltzarrean EAJren bozeramaileak adierazi duenez, ETAk armagabetu behar du, baina politikariek "erantzukinzunaren bat badutela" esan du, garai horri "itxiera eman behar zaiolako eta iragana behar bezala ixten dela bermatzeko ekintza-protokolo bat ezarri behar baita".

ETAren agiriak "anakronikoak" direla esan du Egibarrek, eta Biarritzen atzemandako armak "erabiligabekoak ote ziren" galdetu dio bere buruari.

EH Bildu

Bestalde, Oskar Matute EH Bilduren legebiltzarkideak adierazi duenez, ETAren azken agiria "hausnarketarako elementuak" ditu, eta armak suntsitzeko plangintza ordenaturaren alde egin du. "Positiboa litzateke armagabetzean adituak diren nazioarteko batzordea sortzea, prozesuari babes instituzionala ematen lagunduko lukeelako".

PSE-EE

PSE-EEko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorren irudiko, ETAren agiriak "soberan daude", eta taldearen desagerpena eskatu ostean, "hitzartutako armagabetzea" errefusatu du desegitea "luzatuko lukeelako".

PP

Azkenik, Borja Semper Gipuzkoako PPren presidenteak nabarmendu duenez, "armak non dituen esan behar du ETAk, bestela, Poliziak atxilotu egingo ditu", Biarritzen jazo den bezala, "eta armak non dauden identifikatuko dute". Semperren iritzian, ETA "amaitu egin da, eta ez da itzuliko, garaituta izan baita".

 

http://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/bakea-euskadin/osoa/3268602/eta--biarrizko-operazioa-zigilatzeko-prozesuaren-aurkako-erasoa/
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ETA