Itxi

Politika

Agiria

ETA, armagabetze prozesua Jaurlaritzarekin partekatzeko prest

agentziak | erredakzioa

"Prozesu eta bide horren baitan, ETA prest dago armagabetzerako diseinu partekatu bat egiteko eta gainerako ataletan dagokion ekarpena egiteko", adierazi du agiri batean.

  • Armagabetzeko prozesua iragarri zueneko irudia.

    Armagabetzeko prozesua iragarri zueneko irudia. Argazkia: BBC

ETAk desarmatze prozesua Eusko Jaurlaritzarekin eta euskal eragile politiko eta sozialekin partekatzeko prestutasuna agertu du kaleratu berri duen agiri batean.

"Prozesu eta bide horren baitan, ETA prest dago armagabetzerako diseinu partekatu bat egiteko eta gainerako ataletan dagokion ekarpena egiteko", adierazi du agirian.

Gara eta Berria egunkariei igorritako dokumentuan, ETAk "eginkizun garrantzitsua" aitortzen dio Jaurlaritzari, "konponbidearen alde eginez gero" betiere.

Edonola ere, gogorarazi egin ditu Gobernu espainiarraren eta frantsesaren jarreren ondorioz dauden "zailtasunak". Era berean, azpimarratu du armategien zigilatzean parte hartu zuten egiaztatzaileak "Auzitegi Nazionalera eta Baionako Polizia-etxera eraman zituzten".

Aipatu egunkariek argitaratutako agiriotan agertzen denez, ETAk Jaurlaritza kritikatu du, aldebakarreko proposamen bat egin zuelako Nazioarteko Egiaztatzaileen Batzordeak armagabetze prozesuan urratsak egiten ari zela jakinarazi ostean.

Armategien zigilatzea egin eta 15 hilabetera, ETAk dei egin die "konponbidearen" alde dauden guztiei "gatazkaren ondorioak gainditzeko moduak adostera, bide-orria eratuta".

"ETAk bere armategien zigilatze prozesuarekin aurrera jarraituko du. ETAk badaki prozesu hau beste baldintza batzuetan garatuko balitz ez lituzkeela egun dituen ahulguneak izango eta prest dago nola hobetu daitekeen aztertzeko", dio agirian.

Erakunde armatuaren arabera, martxan zegoen prozesua eta ezker abertzalea kaltetzea zuen helburu Jaurlaritzaren agerraldi horrek, eta ez dio oniritzirik eman proposamenari, bideragarria ez delakoan, eta garaileen eta garaituen eskeman oinarritzen dela iritzita.

Hala ere, ETAk berretsi du Jaurlaritzak "eginkizun garrantzitsua" duela. Horregatik, Jaurlaritzari eta euskal eragile sozial eta politikoei gatazkaren ondorioak konpontzeko ibilbide orria adosteko deia egin die, tartean armagabetze prozesu partekatua.

Horren harira, baliagarritzat jo ditu Foro Sozialaren aholkuak, Baionako Adierazpena, Jaurlaritzaren 'Zuzen Bidean' proposamena, EH Bilduren 'Bakerako euskal bidea', EPPKren ekimena eta egiaztatzaileekin abiatutako armak zigilatzeko prozesua.

EH Bilduk egindako proposamena

EH Bilduk orain dela gutxi egindako "Bakerako Euskal Bidea proposamenaren aurkezpenarekin erakutsi duen jarrera nabarmendu nahi du ETAk". "EH Bilduren proposamenak gatazka politikoaren ondorioak gainditzeko osagaiak biltzen ditu eta egiazko arazoak konpontzeko arrazoizko bideak proposatzen ditu"

ETAren ustean, "proposamen bakoitzaren inguruan ñabardurak egin daitezke, baina elkarrizketa zintzo eta eraikitzaile bat zabaltzeko aukera eskaintzen duenik ezin da ukatu".

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • ETA
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena