Politika -
Elkarrizketa
Mintegi: 'ETAk armak entregatu nahi ditu'
Mintegiren iritziz, irtenbidea "erraza" da Espainiako eta Frantziako gobernuek "amorerik ez emateko jarrera" baztertuko balute.
Erredakzioa
Laura Mintegi EH Bilduren bozeramailearen iritziz, Mariano Rajoyren Gobernuak Euskal Herrian bizitutako indarkeriaren aroari "epe motzean" amaiera eman diezaioke, "ETAk armak entregatu nahi dituelako", baina biktimen eta presoen inguruan hitz egiteaz gain, "armak zeini eta nola eman jakiteko elkarrizketa" espero duela gaineratu du.
Efe agentziari egindako elkarrizketa batean, "Europako azken talde armatuarekin amaitzeko" eman beharreko pausoak laburbildu ditu.
Horren iritziz, irtenbidea "erraza" da Espainiako eta Frantziako gobernuek "amorerik ez emateko" jarrera baztertu eta biktimen, presoen eta armak emateko egutegi bat ezarriko balute.
Madrileko eta Pariseko gobernuek "arazo politiko bat dutela onartu behar dute", adierazi du Mintegik, "mila lagunetik gora hildako egon baitira eta bake prozesua amaitu gabe dagoelako", esan du.
"Arazo politiko honi irtenbide politikoak eman behar zaizkio" eta Rajoyren Gobernuak "ez du hain zaila" Mintegiren iritziz, "ETAk aldebakarreko erabakia hartu eta jarduera armatua uztea erabaki duelako; armak entregatu nahi dituela esan du, baina zeini eta nola eman jakin nahi du".
EH Bilduren bozeramailearen ustez, "epe motzera eta era ordenatuan" egin daiteke, "euskal herritarren % 70aren babesarekin; gatazka irabazle eta galtzailerik gabe amaitzea eskatu baitu gizarteak, bakea memoriarekin lortzeko".
Prozesuan, pertsona guztiek ardura euren gain hartu behar dutela esan du, "egiteagatik edo egin ezagatik herrialde guztia tartean dagoelako", nahiz eta batzuek ardura gehiago izan dutela gaineratu duen.
Egoera behin betiko amaitzeko bermea gizartea dela esan du, "gizarteak ez duelako indarkeriara bueltatzea onartuko, ezta aroa bukatzea ekiditen duen Estatu batengatik amaitu gabe gelditzea utziko".