Politika -
Epaiketa ANean
'Txapote'rentzat 31 urte eskatu du fiskalak, Soriako atentatuagatik
Fiskaltzaren arabera, Guardia Zibileko kuartel-etxearen aurka atentatua egiteko furgoneta prestatu zuen Javier Garcia Gaztelu ETAko buruzagi ohiak. Epaiketa Auzitegi Nazionalean hasiko da bihar.
Erredakzioa
2000ko uztailean Agredako (Soria) Guardia Zibileko kuartel-etxearen aurka izandako atentatuagatik Javier Garcia Gaztelu "Txapote" ETAko buruzagi ohia epaituko dute Auzitegi Nazionalean astelehen honetatik.
Fiskaltzaren arabera, atentatua egiteko furgoneta prestatu zuen "Txapote"k, ondorioz, 31 urteko espetxe-zigorra eskatuko du. Atentatu honengatik Asier Arzallus "Santi" eta Aitor Aguirrebarrena "Peio" ETAko 'Toto' taldeko kideei 23 urteko espetxe-zigorra ezarri zieten.
Gertaera 2000. urteko uztailean jazo zen. Frantziako matrikula zuen furgoneta batek eztanda egin zuen Agredako Guardia Zibileko kuartel-etxearen ondoan. Eztandak metro eta erdiko zuloa sortu zuen.
Furgonetak 15 kilo lehergai zituen, eta atentatuaren ondorioz, emakumezko batek zauriak jasan zituen hanka batean. Biktimak 21 egun eman zituen ospitaleratuta, eta 394 egun bajan. Fiskaltzak 30.000 euroko kalteordaina eskatu du.
Fiskaltzaren arabera, atentatua egiteko furgoneta eta "beharrezkoak ziren datu guztiak" eskaini zituen 'Txapote'k.