Politika -
2013. urterako aurrekontuak
'EAJrekin hitz egiteko prest gaude, baina ez dute ezer proposatzen'
Patxi Lopezek esan duenez, EAJk ez die "ideia bakar bat ere proposatu" aurrekontuak onartu ahal izateko.
Erredakzioa
Patxi Lopez PSE-EEren idazkari orokorrak aurrekontuen inguruan hitz egiteko prest daudela adierazi du, baina EAJk ez diela "ideia bakar bat ere" proposatu gaineratu du.
EFEk egindako elkarrizketa batean, aurrekontuak onartzea Jaurlaritzaren arazoa dela esan du, ez oposizioarena, baina oraindik ez dituztela EAJren proposamenak ezagutzen adierazi du, eta "EAJk gobernatzeko ideiak baino, boterera iristeko asmoa baino ez zuela frogatu da", kritikatu du.
"Badirudi EAJk murrizketen dantzarako bikotea aurkitu duela", gaineratu du PPri aipamen eginez, "baina ez dute Legebiltzarrean batzen", zehaztu du. "PSE-EEn beti esan izan dugu hitz egiteko prest gaudela, baina politika eta proposamen zehatz batzuekin, eta oraingoz ez dugu ezer ezagutzen", adierazi du.
"Asko kritikatu zuten arren, zorpetzen jarraituko dute, eta aurreko Jaurlaritzak erabili ez zuen zorraz baliatuko dira gainera", salatu du. "Koordainketa ere ezarriko dute, ez diote Werten legeari helegiterik aurkeztuko eta funtzionarioen soldata izoztuko dute", nabarmendu du.
Bestalde, zerga erreforma "Legebiltzarrean adostearen" alde egin du, "ez du zentzurik Batzarrek bakoitzak bere zerga erreforma ezberdina erabakitzea".
Eragindako minaren ardura bere gain hartu behar du Bilduk
PSE-EEren idazkari orokorra ezker abertzaleari zuzendu zaio eta terrorismoak eragindako mina sentitzea "ondo" dagoela esan du, baina "ardura bere gain hartu behar dute", zehaztu du.
Julen Mendoza Errenteriako alkateak esandako hitzei aipamen egin die; izan ere, Jose Luis Caso ETAk hildako PPren zinegotziaren alarguna "bihotzez sentitzen dut" esanez agurtu zuen.
Patxi Lopezen iritziz, bi auzi ezker abertzalearen esku daude, "ETAren desegitea eta presoak". Beste espetxe politika bat egon daitekeela onartu duen arren, legeak presoei "birgizarteratzeko bidea uzten" diela adierazi du, "hori eurek egin behar dute".