Politika -
UPyDren eskakizuna
Estrasburgoren epaiak Amaiur legez kanpo utz dezakeela uste du UPyDk
UPyDk adibidez beteriko txosten bat eman dio Gobernuari, eta besteak beste, Iñaki Goioagaren izendapenak EH Bilduren eta ETAren arteko lotura frogatzen duela dio.
Erredakzioa
ANV legez kanpo uztea berresten duen Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrina berriak Sortu, Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteko balio dezakeela uste du UPyDk eta ildo honetan, Gobernuari galdera hori luzatu dio.
Efe agentziak jakinarazi duenez, Rosa Diez UPyDko bozeramaileak, "Estatuko abokatutzari Bildu, EH Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteko prozesua hastea eskatzea" aurreikusten ote duen galdetu dio Mariano Rajoyren Gobernuari.
Urtarrilaren 15eko epaian argudio berriak daudela uste du UPyDk, aurretik Auzitegiek legez kanpo utzitako alderdien "jarraipen ideologikoa" esaterako.
Bigarren argudio gisa, "hauteskunde zerrendetako kutsadura" aipatzen du Diezen alderdiak. Sorturen kasuan frogatu ezin daitekeela esan du; izan ere, ez dute oraindik zerrendarik aurkeztu. Bilduren kasuan "zaila" izan daitekeela onartu du, "hasierako ikerketek ez zutelako kutsadura nabarmenik atzeman". Baina Amaiurren kasuan, "oso nabarmena" dela esan du, "hauteskunde orokorretarako zerrendak Batasuneko buruzagi ohiez beteta zeudelako".
Amaiur Kongresuan sartu zenetik,"alderdia ETAren marka zuritzat hartzeko susmoak areagotzen" joan direla esan du UPyDk.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren doktrinaren arabera, ETAren ekintzak ez kondenatzea legez kanpo uzteko arrazoietako bat izan daiteke, eta Bilduri eta Amaiurri hori leporatzearen alde azaldu da UPyD.
Azkenik, Gobernuari emandako adibidez beteriko txostenean, Iñaki Goioagaren izendapenak EH Bilduren eta ETAren arteko lotura frogatzen duela diote.