Politika -
Anoetako istiluak
Ertzaintzak akatsak egin zituela aitortu du Jaurlaritzak
Segurtasun Sailaren ikerketaren arabera, partidaren egunean ez zegoen "esperientzia nahikoa" zuen poliziabururik.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aitortu egin du Ertzaintzak akatsak egin zituela Euskal Selekzioa-Bolivia partidan izandako istiluen kudeaketan.
Partida abenduaren 29an izan zen. Une batean, hainbat ikusle ertzainen aurka gauzak eta petardoak jaurtitzen hasi ziren, eta, ondorioz, agenteak oldartu egin ziren. Istilu horietan, 14 ertzain zauritu ziren, eta bi pertsona atxilotu zituzten.
Hori horrela, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, egun horretan gertatutakoa argitzeko abiatutako ikerketaren emaitzak azaltzeko.
Sailburuaren esanetan, Ertzaintzaren segurtasun plana "egokia" izan zen, istilu arriskurik ez zegoela uste baitzuten. Dena dela, plana gauzatzean, akatsak egin zituztela aitortu du.
Horren ildotik, istiluak hasi ziren unean esperientziadun poliziabururik ez zegoela eta istiluen aurkako taldeko bi buruak ez zirela prestakuntza bilerara joan aipatu du Beltran de Herediak.
Besteak beste, ertzainen arteko komunikazioek txarto funtzionatu zutela eta Anoetako estadioaren ateetan izan ziren agente pribatu kopurua nahikoa izan ez zela ere ondorioztatu dute.
Sailburuak zehaztu duenez, orotara 123 ertzainek eta 91 agente pribatuk hartu zuten parte operazioan, hots, arrisku handiko partidetan baino gehiago.
Gertatutakoaren ondorioz, Segurtasun Sailak "berrikusi" egingo du istiluen aurkako taldearen egitura, "zehaztasunak zuzentzeko eta hobekuntzak egiteko".
Halaber, kirol partiden uneetan kontzertuak edota jaiak egitea "desegokia" dela nabarmendu du, alkohol kontsumoa handia baita eta pertsona askori "antsietatea" sortzen baitzaie.
Oposizioa oso kritiko agertu da sailburuarekin. Adibidez, Gorka Maneirok (UPyD) erantzukizuna onartzea eskatu dio, eta Julen Arzuagak (EH Bildu) saihestu nahi zirenak baino kalte handiagoak eragin izana egotzi dio Ertzaintzari.