Politika -
Ekitaldia Andoainen
'Egunkaria'ko arduradunek kaltea nork ordainduko duen galdetu dute
Ehunka lagun bildu dira Andoaingo Martin Ugalde parkean eta oraindik "Egunkaria"ren auzi ekonomikoa zabalik dagoela ekarri dute gogora.
Erredakzioa
"Euskaldunon Egunkaria"ko zuzendari eta langile ohiek erakundeetako buruzagien, politikarien eta herritarren babesa jaso dute Andoaingo Martin Ugalde parkean, horren itxieraren 10. urteurrena gogoratzeko egin duten ekitaldian. Bertan, eragindako kaltea nork ordainduko duen galdetu dute.
Ehunka lagun egon dira ekitaldian, horien artean, Martxelo Otamendi Egunkariako zuzendari ohi eta egungo Berriako arduraduna, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Joseba Egibar Gipuzkoako EAJren presidentea, Pello Urizar EAko idazkari nagusia, Carlos Garaikoetxea lehendakaria eta Joseba Alvarez eta Joseba Permach ezker abertzaleko buruzagiak.
Bertan, Juan Mari Torrealdaik beste zazpi lagunekin auzi ekonomikoan auzipetuta dagoela gogorarazi du. Oraindik auzi hori zabalik dagoela nabarmendu du eta eragindako kaltea nork ordainduko duen galdetu du.
"Euskarazko lehen egunkaria horrela ixtea Espainiako demokraziarentzat estigma lotsagarria" dela esan du, eta "auzi ekonomikoa absoluzioarekin itxi arte Egunkariaren zauriari odola dario", esan du.