Politika -
13 urte ETA-k hil zuela
UPyDk ez beste alderdiek Fernando Buesa omendu dute Legebiltzarrean
EH Bilduk lehen aldiz hartu du parte ETAko biktimen alde Gasteizko Ganberan egindako ekitaldi batean.
Erredakzioa
EH Bilduk parte hartu du, lehen aldiz, ETAko biktimen alde Eusko Legebiltzarrean egindako omenaldi batean, Fernando Buesa Arabako PSE-EEko buru eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde zenaren eta Jorge Diez Elorza horren bizkartzaina zenaren aldeko lore eskaintza batean izan baita.
ETAk gaur 13 urte hil zituen, Gasteizen, bonba-auto bat zartarazita. Hori dela eta, talde parlamentarioak omenaldia egin diete, Gasteizko Ganberaren kanpoaldean, biktimen omenezko eskulturaren aurrean. UPyDk ez beste talde guztiek, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek hartu dute parte.
EH Bilduren partetik, Laura Mintegi bozeramailea; Pello Urizar (EA), Dani Maeztu (Aralar) eta Belen Arrondo (ezker abertzalea) legebiltzarkideak; eta Rafa Larreina (EA) diputatua izan dira.
Bakartxo Tejeria Lebiltzarreko presidenteak egin du lore eskaintza, eta, ondoren, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak bi arrosa utzi ditu.
EA eta Aralar ETAko biktimen alde Legebiltzarrean egindako hainbat omenalditan izan dira aurreko legegintzaldietan, baina EH Bilduk (koalizio gisa) eta ezker abertzale historikoak lehen aldiz hartu dute parte.
Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordeak lore-eskaintza bat egitea erabaki zuen atzo. Buesaren eta Diezen senideek beste omenaldi bat egin dute ondoren, Askatasunaren Lorategietan, Gasteizen.
EH Bildu Legebiltzarreko saiora joan da, baina ez bestera, Jorge Diezen senideek ez zutelako nahi.
UPyDk uko egin dio Gasteizko Ganberako ekitaldian parte hartzeari, EH Bildurentzat diseinatutakoa izan dela argudiatuta.
Omenaldia monolitoaren aldamenean
Bigarren omenaldian, Buesaren eta Diezen senideek antolatu dutenean, alderdi politiko guztietako ordezkariak egon dira, UPyDkoak ere bai.
Hori horrela, EH Bilduko legebiltzarkideak ere izan dira: Juanjo Agirezabala, Arri Zulaika, Rebeka Ubera eta Oskar Matute.
Giro intimoan eta familiarrean egin dute Buesaren eta Diez Elorzaren omenez altxatutako monolitoaren ondoko ekitaldia eta, beste urte batzuetan ez bezala, ez da diskurtso politikorik izan.
Senideak izan dira protagonistak, eta larrosa gorriak jarri dituzte monolitoa inguratzen duen loretokian.