Politika -
1987an atxilotu zuten
Iñaki Pujana ETAko buruzagi ohia aske, 25 urteko zigorra bete ondoren
Parot doktrina aplikatu zioten, kartzelatik ateratzeko data 2021ean jarrita.
Erredakzioa
Iñaki Pujana Alberdi ETAko buruzagi izan zena aske gelditu zen ostegunean, 25 urte baino gehiagoz espetxean egon ostean. Parot doktrina ezarri eta kartzelatik ateratzeko data 2021. urtera atzeratu zioten.
Pujana Alberdik 51 urte ditu eta Otxandiokoa da. 1987ko abenduaren 23an atxilotu zuten, "Santi Potros" atxilotu eta bi hilabetera. Azken hau ordezkatu zuen ETAko taldeen buru gisa.
Frantziara ihes egin baino lehen, "fitxatu gabeko" ETAko Tontorramendi taldeko kide izan zen, eta 80. hamarkadaren hasieran hainbat atentatutan parte hartu zuen.
1989an zigortuta
Frantziako Auzitegiak bost urteko espetxe zigorra ezarri zion 1989an, gaizkileekin elkartzea, armak izatea, agintariei aurka egitea eta dokumentazio faltsua erabiltzea egotzita.
1991ko urriaren 7an, Frantziak estraditatu egin zuen eta 1983an Ramiro Salazar enpresari arabarraren aurka tiro egitea egotzita, 79 urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiak.
2009ko martxoan, Auzitegi Nazionalak Parot doktrina ezarri zion eta 2021eko ekainaren 28ra luzatu zioten aske gelditzeko epea. Erabaki horren aurka jarritako helegitea errefusatu egin zuen Konstituzionalak lehengo urtean.