Politika -
Espioitza Katalunian
Sanchez-Camacho akusazio partikularra izango da espioitza auzian
Metodo 3 detektibe agentziak Jordi Pujol Ferrusolaren bikote ohiarekin izandako bazkari bat grabatu zuen, 2010. urtean.
Erredakzioa
Alicia Sanchez-Camacho Kataluniako PPko presidenteak akusazio partikular gisa aurkeztuko du bere burua Metodo 3 enpresak egindako grabazioaren inguruko auzian. Detektibe agentzia horrek Jordi Pujol Ferrusolaren bikote ohiarekin izandako bazkari bat grabatu zuen, 2010. urtean.
Horrez gain, Metodo 3 enpresaren aurka aurkeztutako auzi-eskea bide penaletik joatea eskatuko du Sanchez-Camachok. "Helburua, amaierara arte heltzea eta grabazioa nortzuk egin zuten zehaztea izan behar da".
"Delituen pilaketa eskatuko dut, grabazioa egiteagatik eta grabazioa saltzen saiatzeagatik. Eta ez dut gai honen inguruan adierazpen gehiagorik egingo, epaitegietan nire burua defendatuko dut. Beste batzuk dira urduri egon behar direnak", esan du.
Bestalde, Metodo 3 enpresak egindako grabazioa jasotzen duten hedabideen aurka ere salaketa aurkeztuko duela iragarri du PPCko presidenteak. "Ez dut uste grabazio hura orain ezagutaraztea kasualidadea izan denik".