Politika -
Giza Eskubideen Auzitegia
Estrasburgok presioei ez diela jaramonik egingo espero du defentsak
Mark Muller eta Michael Liviers britainiarrak izango dira Ines del Rio ETAko presoaren abokatuak, eta ,artxoaren 20ko saioan Gorenak presoaren zigorra aldatu zuela salatuko dute.
Erredakzioa
Ines del Rio 'Parot doktrina'gatik oraindik kartzelan jarraitzen duen ETAko presoaren abokatuek konfiantza agertu dute Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiarengan eta aipatu doktrinaren inguruan hartzen duten erabakia Zuzenbidean oinarrituko duela eta presio politikoari jaramonik ez diola egingo espero dute.
Mark Muller eta Michael Liviers abokatu britainiarrak izango dira Del Rioren defentsa lanak egingo dituztenak, eta gaur prentsaurrekoa eman dute Donostian martxoaren 20an Estrasburgon Espainiako Gobernuaren helegitea aztertzeko egingo duten auzi-saioari begira. Espainiako Gobernuak Estrasburgoko Auzitegiak 'Parot doktrina'ren inguruan eman zuen ebazpenaren kontrako helegitea aurkeztu zuen.
Mark Muller eta Michael Liviersentzat "oso garrantzitsua" da Europa osoarentzat Ines del Rioren auzia, oinarrizko eskubideekin zerikusia duen gaia delako. Gainera, Estrasburgoko auzitegiak "pisu politiko handiko" epaiketak egiten ohitua dagoela eta, ebazpena emateko, presioari jaramonik egin gabe Europako Giza Eskubideen Itunean eta jurisprudentzian oinarrituko dela espero dute.
Hori dela eta, defentsa abokatuek uste dute Espainiako Gobernuaren helegiteko argumentu nagusia deuseztatzeko moduan daudela. Espainiako Gobernuak dio 'Parot doktrina'rekin presoaren zigorra "argitu" zela, baina abokatuek uste dute doktrina horrek Del Rioren zigorra "aldatu" zuela.