Politika -
Eraikinaren aurrealdean
Presoen hurbilketa eskatuz, kartel bat jarri dute Gipuzkoako Aldundian
Carlos Urquijok auzitegietarako joko duela iragarri du, terrorismoa goratuta delitua izan daitekeelakoan.
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak ''Giza eskubideak, irtenbidea, bakea; euskal presoak Euskal Herrira'' leloa duen kartela jarri du astearte honetan foru jauregiko aurrealdean.
Larraitz Ugarte Aldundiko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, ''Aldundiak giza eskubideen urraketa guztiekin bukatzeko konpromisoa duela gogoraraztea da'' ekimenaren helburua. Halaber, ''egun, ehunka presoren giza eskubideak urratzen'' direla nabarmendu du bozeramaileak.
Kartela kokatzeko aukeratutako data ez da ''kasualitatea'' izan, Ugartek berak argitu duenez. Izan ere, bozeramaileak gogoratu duenez, ''Ines del Rioren prozesua eta Parot doktrina berrikusiko dituzte laster''. ''Europak giza eskubideen aldeko epaia ematea'' espero dutela esan du Aldundiko bozeramaileak prentsaurrekoan, eta, agerraldian zehar, lelo berdina idatzita zeramatzaten kartelak izan ditu agerian, bata soinean.
Urquijok auzitegietara joko du
Carlos Urquijo Gobernuak Euskadin duen ordezkariak iragarri duenez, auzitegietara joko dute Aldundiak jarritako kartela dela-eta. Zehazki, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarriko dute, kartela jarri izana terrorismoa goratuta delitua izan daitekeelakoan.