Politika -

Saio monografikoa

Alderdiek ETAri buruzko hausnarketa argia eskatu diote EH Bilduri

Arratsaldean, taldeek euren proposamenak eta ebazpenak bozkatuko dituzte.

Iñigo Urkullu lehendakaria. EITB
Iñigo Urkullu lehendakaria. EITB
Iñigo Urkullu lehendakaria. EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak bakeari eta normalizazioari buruzko saio monografikoa abiatu du gaur goizean.

Goizean, alderdiek eztabaida hasi dute, eta arratsaldean proposamenak eta ebazpenak bozkatuko dituzte.

Eztabaida oso gogorra eta irmoa izan da, eta nabaritu egin da azken asteko tentsioak. Izan ere, saioa joan den astean PPk eta EH Bilduk izan zuten ika-mikak eta Fiskaltzak Laura Mintegiren aurka abiatutako ikerketak baldintzatuta etorri da.

Saioan, gainerako alderdiek EH Bilduren aurka egin dute, eta ETA gaitzesteko eta desegitea eskatzeko deia egin diote.

Testuinguru horretan, Iñigo Urkullu lehendakariak moderatzaile lanak egin ditu, alderdien arteko "mesfidantzak" gainditzearen aldeko hitzaldia eskaini du, eta Legebiltzarrak eratuko duen bake eta bizikidetza lantaldean alderdien proposamenei buruz "argi" hitz egitea proposatu du.

Nolanahi ere, Urkulluk aitortu egin du oraindik ere ez direla betetzen alderdi guztiek bakegintza arloan aho batez akordioa lortzeko baldintzak, eta horretarako oztopo nagusia "indarkeriak hainbat hamarkadaz sortutako suntsipena" dela gaineratu du.

"Aurrera egin behar dugu, eta konfiantza sortzea da norabide bakarra", iritzi dio.

Saioan hitz egiten lehena Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea izan da, saio monografiko hau egitea koalizio abertzaleak proposatu zuelako.

Arzuagak Euskal Herrian "oinarri politikoa duen gatazka bat" dagoela nabarmendu du, eta herritarren "erabakitzeko eskubidea ukatzeak" bizikidetza kolokan jartzen duela ohartarazi du.

Horren esanetan, ETAk eta Espainiako Estatuak giza eskubideen "urraketa larriak" egin dituzte, eta EH Bilduk ETAko biktimak "aitortu" egiten ditu, "zor zaien errekonozimendutik egia, justizia eta erreparazioa bideratzeko".

Gainerako taldeak EH Bilduko parlamentariei zuzendu zaizkie uneoro. Hori horrela, "sinesgarri" izan nahi badute, ETAk egindako 800dik gora hilketen aurrean "hausnarketa etikoa" egiteko deia egin die Joseba Egibar EAJko bozeramaileak, "orain arte begirale lanak egin dituzuelako".

"Estatuak badu bere erantzukizuna, baina zuek pentsatzen al duzue ezker abertzaleak ez diola gizarteari balorazio bat zor?", galdegin die.

Bozeramaile jeltzalearen hitzetan, "ez dira gauzak nahasi behar. Euskadin izaera politikoa eta jatorri historikoa duen gatazka bat dago". Horregatik, Legebiltzarrak gai horri buruzko eztabaidari heltzeko "erronka" duela erantsi du.

Egibarrek balizko esparru politiko berria aztertzeko lantalde bat sortuko dutela gogorarazi du, baina lehenik eta behin "jokoaren arauak" argi utzi behar direla azpimarratu du.

Rodolfo Ares PSE-EEko legebiltzarkidearen ustez, EH Bildu "sinesgarri" izateko modu bakarra "jarduera terroristak gaitzesten dituztela argi eta garbi esatea" eta ETAri behin betiko desagertzea eskatzea da.

Parlamentari sozialista EH Bildurekin "Euskadi berria eraikitzeko" prest agertu da, baina ez "[iragana] ahaztearen truke".

Horren harira, arratsaldean ebazpen bakarra proposatuko dutela iragarri du, "denek" onartu beharko lituzketen "gutxieneko printzipioak" jasota: "ETAri ordain politikorik gabe desegitea eskatzea; arau demokratikoak errespetatzea, helburua horiek aldatzea bada ere; biktimentzat oroimena, egia eta justizia nahi izatea; balio demokratikoak defendatzea; eta aniztasuna eta tolerantzia oinarri bizikidetzarako akordio bat adostea".

Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentea ETAren atentatuak "txalotzea" egotzi dio koalizio abertzaleari. "Bai, errua duzue", esan die.

"Orain egingo dudana ez da inoiz egin izan Legebiltzar honetan", esan du Basagoitik, eta, ondoren, ETAko 857 biktimen izenak irakurri ditu, banan-banan. Ia 20 minutu eman ditu zeregin horretan.

Azkenik, Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak EH Bildu bakartzeko "itun politiko bat" eskaini die gainerako taldeei, koalizio abertzaleak ETA gaitzetsi eta desagertzea eskatu arte.

"Akatsa da ETAren ordezkari politikoak erakundeetan egotea, ez baitituzte gaitzetsi euren bizilagunen hilketak", adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea