Politika -
Radio Euskadi
Gatazkaren arrazoien gaineko akordioa urruti ikusten du, orain, EAJk
Joseba Egibar jeltzalea baikor agertu da eta Bake eta Bizikidetzarako lantaldea lehenbailehen osatuko dela uste du.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren GBBko buruak esan duenez, "une honetan" zaila ikusten du alderdi politiko guztiek gatazkaren arrazoien gaineko akordio bat ixtea. Bake eta Bizikidetzarako lantaldearen eraketaren gainean baikor mintzatu da, ordea, eta lehenbailehen osatuko dela adierazi du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azpimarratu duenez, Bake lantaldearen helburua ez da indarkeriaren amaiera egiaztatzea eta estatus politiko berria negoziatzea. "Humanizazioan eta adiskidetzean lan egitea izango da lantaldearen ardura", adierazi du.
"Mina eta sufrimendua" izan direla onartzea bistakoa eta nabaria da. Egibarren ustez, kosta egiten da biktimarioa kalifikatzea, eta indarkeria erabili duenari eta giza eskubideen urraketaren arduradun denari nota jartzea. EH Bilduri erreferentzia eginez, gaineratu du alderdi guztiek ez dutela hori gainditu.
"Aurreko legegintzaldiko lantaldean eta atzoko ebazpenetan ere argi geratu zen, bakoitzak bere interpretazioa egingo duela gertatu diren giza eskubideen urraketen gainean. Ona litzateke alderdi guztiok gatazkaren arrazoien gaineko akordioa ixtea, baina une honetan ez dut posible ikusten", gaineratu du.
Bakerako "zoru etikoa" berretsi dute Eusko Legebiltzarrean
Joan den legegintzaldian bakerako lantaldeak lortutako akordioa berretsi egin du ostiral honetan Eusko Legebiltzarrak, EAJren, PSEren eta PPren aldeko botoekin.
Izan ere, hiru alderdiek adostu eta aurkeztutako proposamena izan da, eta, bakea lortzeko, indarkeriaren bidegabekeria, egindako kaltea eta biktimen duintasuna onartzea beharrezko jotzen ditu testuak. EH Bildu eta UPyD abstenitu egin dira hiru alderdiek egindako proposamenaren bozketan.