Politika -
Eusko Legebiltzarrak
ETAk 'urraketa larriak' egin dituela aitortu du EH Bilduk
Julen Arzuaga legebiltzarkideak adierazi duenez, "gatazkak biktima mota desberdinak" eagin ditu, eta denek merezi dute "errekonozimendua eta egoera konpontzea".
Erredakzioa
Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak aitortu du "ETAk urraketa larriak" egin dituela, eta gaur egun "euskal herritarren elkarbizitza libre eta baketsua kolokan jartzen duena erabakitzeko eskubidearen errespetua eta errekonozimendua ukatzea" dela azpimarratu du.
Koalizio abertzalearen ordezkariak Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok, EH Bilduk "gatazka politikoa" konpontzeko eman beharreko pausoez eztabaidatzeko eskatu zuen osoko bilkuran.
Arzuagak hitz egin du EH Bilduren izenean, Laura Mintegi bozeramailearen ordez. Ez dute argitu zergatik, baina baliteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak irekitako ikerketagatik izatea, ETAren hilketak arrazoi politikoengatik izan zirela esan zuelako abiatu baitu ikerketa, terrorismoa goratu ote zuen argitzeko.
EH Bilduren ordezkariak azpimarratu du "gatazkaren ondorioei" aurre egiteko moduaz eztabaidatzeko "garaia" dela, eta, "jarrera harroak baztertu, eta Espainiako eta Frantziako gobernuek ETArekin hitz egiteari lehentasuna" eman behar zaiola, "desarmea eta egitura militarren desagerpena lortzeko, eta presoak eta iheslariak gizarteratzeko".
Bestalde, EH Bildurentzat, gaur egun "erabakitzeko eskubidearen errespetua eta errekonozimendua ukatzea da euskal herritarren elkarbizitza libre eta baketsua kolokan jartzen duena". Horren harira, "zubiak eraikitzeko" deia egin du, "inposaketarik gabeko etorkizun batean herritarren borondatea izan dadin edozein proiekturen berme bakarra".
Bakerako lantaldea
Aurreko astean osatu behar zen Eusko Legebiltzarreko Bake eta Elkarbizitzarako Lantaldeari dagokionez, Arzuagak esan du ez litzatekeela "baldintzarik edo presaka egindako testurik inposatu behar".