Politika -
100 egun Gobernuan
Euskal gizarteak ontzat eman du Urkulluren Gobernuaren jarduera
Gainera, galdetutakoen gehiengoak (% 37) EAJ eta EH Bilduren arteko akordioaren alde egin du; % 29k, berriz, EAJ-PSE hitzarmena babestu du, Jaurlaritzak egindako ikerketa soziologiko baten arabera.
Erredakzioa
Euskal autonomia erkidegoko herritarrek ontzat eman dute Iñigo Urkulluren Gobernuak lehendabiziko 100 egunetan egin duen kudeaketa, 0 eta 10 bitarteko eskalan 5,4 kalifikazioa emanda, Eusko Jaurlaritzaren ikerketa soziologikoetarako kabineteak egindako inkestaren arabera.
Jaurlaritzarenganako konfiantzari dagokionez, herritarren % 60k uste dute Urkulluren Gobernuak jakin badakiela egungo arazoak konpontzeko hartu beharreko neurriak zein diren, baina oraindik denbora duela; % 26k, ostera, arazoei nola aurre egin ez dakiela iritzi diote.
Gainera, galdetutakoen % 77k esan dute Jaurlaritza euren itxaropenak betetzen ari dela. Herritarrek gehien aipatutako alde positiboak ondokoak dira: elkarrizketaren aldeko jarrera duela; ilusioa, itxaropena eta lasaitasuna transmititzen duela; eta osasungintzan egindako kudeaketa.
Aspektu negatiboen artean, elkarrizketarako borondate eza, kudeaketa ekonomikoa eta ekimen falta azaltzen dira.
Jaurlaritzako kideei buruzko ezagutzari dagokionez, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Josu Erkoreka Jaurlaritzaren bozeramailea dira agintaririk ezagunenak (% 98ak eta % 85ak, ezagutzen dituzte, hurrenez hurren). Gainerako gobernukideak, berriz, "askoz ezezagunagoak" dira herritarrentzat.
Gehiengoak EAJ-EH Bildu akordioa nahi du
Bestalde, biztanleen % 37k EAJ eta EH Bilduren arteko hitzarmena nahi du. Datu hori % 44koa da, Gipuzkoan galdetuz gero; eta % 43koa EAEko 18 eta 29 urteko gazteen artean galdetuta.
Bigarren tokian Alderdi Sozialista dago. Herritarren % 29k egin dute EAJ eta PSEren arteko hitzarmenaren alde. Datu hori % 35koa da, Araban galdetuz gero; eta % 33koa, EAEko 65 urtetik gorako biztanleen artean.
EAJ-PP edo EAJ-UPyD balizko akordioak, berriz, galdetutakoen % 6k baino ez dituzte babestu.
Puntuazioa
Oro har, lehendabiziko 100 egun hauetan egindakoagatik herritarrek 5,4ko kalifikazioa eman diote Jaurlaritzari. Gainera, planteatutako esparru guztietan ontzat eman dute Urkulluren Gobernuak egindakoari: kudeatzerako gaitasunean (5,8); zintzotasunean (5,7); herritarren arazoenganako hurbiltasunean (5,1); eta ilusioa pizteko gaitasunean (5,1).
Oposizioko alderdiei dagokienez, bakar batek ere ez du lortu gainditzea. Dena dela, horien artean EH Bildu da notarik altuena jaso duena (4,5). Koalizio independentistaren ostean, PSE (4,1), UPyD (2,9) eta PP (2,5) azaltzen dira.
Aipatu ikerketa otsailaren 27an eta 28an 18 urtetik gorako herritarrei egindako 950 elkarrizketetatik ateratako ondorioak dira, Jaurlaritzak ohar batean zehaztu duenez.