Politika -
Capbretongo hilketak
Centenoren ama: 'Egiten duten hau ez da borroka, koldarkeria baino'
Centeno eta Trapero guardia zibilen heriotza dela-eta Parisen egiten ari diren epaiketaren bigarren egunean senitartekoen txanda izan da. Ikerketa zuzendu zuen poliziak ere hitz egin du.
Erredakzioa
''Hiltzaileentzat zigorrik gordinena nahi dut. Kartzelan ustel daitezela, Frantzian. Egiten duten hau ez da borroka, koldarkeria baino'', esan du asteazken honetan 2007an Capbretonen hil zuten Raul Centeno guardia zibilaren amak.
Atzo abiatu zuten Parisen ETAko zazpi ustezko kideren epaiketa, 2007. urteko abenduaren 1ean Capbretonen Raul Centeno eta Fernando Trapero guardia zibilak hiltzea egotzita. Epaiketa Parisko Justizia Auzitegian egingo dute, eta lau aste iraungo du.
Akusatuen aulkian, zantzuen arabera hilketa gauzatu zuen taldeko hiru ustezko kideak daude: Mikel Carrera, Ata; Saioa Sanchez, Hintza, eta Asier Bengoa. Fiskaltzaren ustez, Carrerak egin zituen tiroak. Epaileek erruduntzat jotzen badituzte, biziarteko espetxe zigorra ezar diezaiekete.
Bigarren egunean, ETAko ustezko kideentzat bizi osorako kartzela-zigorra eskatu dute hildakoen guraso eta arreba batek.
"Konfiantza dut Frantziako Justiziarengan, eta bizitza kartzelan bukatu dezatela espero dut'', esan du Jose Centeno, Raulen aitak.
"Nire semeak ordenaren defentsan egiten zuen lan, urteotan gu zigortzen ari den gaitz honekin bukatzeko'', gaineratu du.
Centenoren amak ere zigorrik latzena eskatu du akusatuentzat. ''Bere ekintzekin gorroto, amorru eta izu handiagoa sortu baino ez dute egin'', gaineratu du.
Ustezko ETAko kideen senitartekoen jarrera ere salatu du Jose Centenok, ''korridoreetan irainak'' jasan izana salatu baitu. ''Gaur ez dira ausartu bere seme-alabek etorraraztera, eta bere gurasoek egiten dutena erakustera'', esan du Centenok.
Capbretongoa ETAk pentsatu eta onartutako krimena izan zen, Frantziako Poliziaren arabera
2007ko Capbretongo hilketa ''ETAk pentsatu, egin eta onartutako ekintza'' izan zen, ikerketa zuzendu zuen terrorismoaren kontrako polizia agenteak epaiketan deklaratu duenez.
ETAko ustezko hiru kideak ''nahita'' joan ziren Centenoren eta Traperoren kontra, agentearen hitzetan.
Polizia agenteak azaldu duenez, litekeena da Atak, Hintzak eta Bengoak Centeno eta Trapero guardia zibilak zirela identifikatzea goizeko bederatziak baino minutu batzuk lehenago, ondoren, zortzi minutu eduki izana zer egin behar zuten erabakitzeko.
Akusatuen deklarazioa
Goizean, Asier Bengoak esan du ez zela Capbretonen egon, eta Saioa Sanchezek, ondoren, datu hori baieztatu du. Hori izan da orain arte epaiketan zehar akusatuek egin duten adierazpen bakarra.
"Ni ez naiz inoiz egon Capbretonen, eta, beraz, ezinezkoa da gertaera horretan parte hartu izana'', esan du Bengoak.
Hilketa gertatu eta lau egunera atxilotu zuten Bengoa, tokitik 300 kilometrotara.
"Bengoa ez zegoen Capbretonen", esan du Saioa Sanchezek; baina bera eta Carrera Sarobe bertan ziren ala ez galdetuta, ez du erantzunik eman. ''Ez dut ezer esateko'', erantzun du Carrera Sarobek ondoren.