Politika -

Barne eztabaida

Negoziazioak sustatzeko nazioarteko idazkaritza sortu du ETAk

Orain urtebete hasi zen barne eztabaida azken fasean egongo litzateke Vasco Press agentziak terrorismoaren aurkako borrokako iturriak aipatuta esan duenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAren zuzendaritza batzordeak nazioarteko idazkaritza sortu du "negoziazioa" bultzatzeko eta Espainiako eta Frantziako Gobernuekin elkarrizketa eta negoziazioa sustatzeko, terrorismoaren aurkako borrokako iturriek Vasco Press agentziari berretsi diotenez.

Erabakia ETAko kideei helarazi zaie 2012ko udaberrian hasi zen barne eztabaidaren prozesuaren barne, betiere iturri horien arabera. 2011ko urriaren 20an ETAk iragarritako indarkeriaren amaiera berrestea aztertzeko hasi zuten prozesua eta eztabaidak jada urtebete baino gehiago dirau. Vasco Press agentziaren arabera, amaierako fasean egongo litzateke.

Eztabaida horretarako erabiltzen ari diren dokumentazioaren artean, ETAren zuzendaritza batzordeak nazioarteko idazkaritza eratzeko harturiko erabakia egongo litzateke, negoziazioak sustatzeko helburuarekin. Iturri horien arabera, ETAko kideei emandako informazioan ez da idazkaritzaren estruktura azaltzen, ezta Norvegiako elkarrizketetan ordezkari gisa egon diren lagunek eratuko luketen ala ez.

Vasco Pressek eskura izan duen txosten horretan "Euskal Herriaren eta nazioartearen presioa areagotzeko beharra" aipatzen da, "Espainiako eta Frantziako Gobernuei prozesuan ez sartzeak kostu politiko jasanezina eragin arte".

Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko kideak urtarrilean bildu ziren ETArekin Norvegian, eta desarmerako pauso berriak eskatu zizkioten. Ildo horretan, konpromiso gehiago hartzeko ezezkoaren ondorioz, Norvegiak ETAren hiru ordezkariak bota zituen herrialdetik.

Euren arteko ezberdintasunak agerian geratu ziren martxoaren 27an ETAk argitaratutako agirian. Bertan, Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordearekin izandako harremanak goraipatzen baziren ere, batzordearen lana mugatzen zuen ETAk, "desarmearen auzia lan agendatik at" dagoela azpimarratuz.

Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko kideak udan bueltatuko dira Euskal Herrira alderdi politiko eta eragileekin berriro batzartzeko asmoz. Orduan erabakiko omen dute euren jardunarekin jarraituko duten edo taldea desegingo duten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea