Politika -
Gipuzkoa Forum
Iragana berrikusteko 'neurria' giza eskubideak dira, EAJren ustez
Larunbat honetan estreinatutako Gipuzkoa Forum eztabaidarako esparruan jeltzaleek azpimarratu dutenez, Eusko Legebiltzarrean abiatutako bakerako lantaldea da adiskidetze-bidearen hasiera.
Erredakzioa
EAJk eztabaidarako esparru berria estreinatu du larunbat honetan, Gipuzkoa Forum, eta Irlandako bake-prozesuari eskainitako gaurko jardunaldian jeltzaleek adiskidetze-bideari buruz hitz egin dute. Halaber, "iragana berrikusteko eta bakea eraikitzeko neurria giza eskubideak" direla azpimarratu dute.
Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako presidenteak egin du hausnarketa hori. Egibarrek lehen hitzaldia eskaini du. Ondoren, Andoni Ortuzar EAJren buruak hitz egin eta ekitaldia itxi du. Ortuzarrek ezker abertzalea gogor salatu du, "gizarteari egia bakarra inposatu nahi diolako".
Ortuzarren esanetan, orain Sortu alderdian bildutako alor politiko horrek "estrategia bipolar erabili ohi du, pankarta baten atzean ezkutatzeko eta moketa batetik gobernatzeko". "Horrek behin betirako kontraesan batean bizitzera behartzen du", ondorioztatu du.
Bestalde, Egibarrek egungo egoeraren analisia egin du. Horren ustez, egungo egoerak ez du atzera bueltarik, aurreko prozesuetan ez beste, "ETAk jarduera armatua behin betiko uzteko erabakia funtsezko faktorea izan delako".
"Oraingoan ezker abertzaleak armak uzteko agindu dio ETAri, baina ez du jazotakoari buruz hausnarketa etikorik egin", adierazi du Egibarrek. "Besterik gaineratzen ez bada, bide baketsu eta demokratikoen alde egin dutela ondorioztatu dezakegu", esan du jeltzaleak. Zentzu horretan, Eusko Legebiltzarrean abiatutako bakerako lantaldea "adiskidetze-bidearen hasiera" dela azpimarratu du.