Politika -
Argentinan
Martin Villaren aurkako kereila, martxoaren 3ko hilketengatik
1976an Poliziak Gasteizen hil zituen bost langileen hilketaren erantzule izatea egotzi diote.
Erredakzioa
Argentinako Justizia Frankismoak 1936 eta 1977 urteen artean egindako delituak ikertzen ari da. Hala, Rodolfo Martin Villa Espainiako Harreman Sindikaletarako ministro izan zenaren kontrako kereila aurkeztu dute, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen Poliziak hil zituen bost langileen hilketaren erantzule izatea egotzita.
Halaber, Jose Utrera Molina eta Fernando Suarez ministro ohiak ere inputatzea eskatu dute, Puig Antichen heriotza zigorra sinatzea eta bost pertsona (ETAko bi kide eta FRAPeko beste hiru) fusilatzeko agindua ematea egotzita hurrenez hurren.
Bestalde, Aqua Frankismoaren krimenen kontrako herritar sareak garai hartako hainbat kargudun publiko inputatzeko eskatu du.
2010eko apirilaren 14an ireki zuen auzia Argentinak, Espainiako Justiziak Frankismoak egindako krimenak ikertzeari uko egin ondoren. Espainiako Gerra Zibilaren hasieratik hauteskunde demokratikoak egin ziren arteko tartea ari dira ikertzen, zehatz-mehatz esanda, 1936ko uztailaren 17tik 1977ko ekainaren 15era bitarteko epea.
Justizia unibertsalaren printzipioan oinarritu zen Argentina, Frankismo garaiko krimenak ikertzeko, eta geroztik dozenaka biktimak bat egin dute auziarekin.