Politika -
Aurrekontuak
Ortuzar: 'Bilduren eta PSEren mendeku gosea ase izana espero dut'
Euskadiren alde arraun egiteko eskatu die EBBko presidenteak oposizioko alderdiei.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EBBko presidentearen iritziz, Eusko Jaurlaritzako aurrekontu proiektua atzera botata, Bilduk eta PSE-EEk "mendeku gosea" asetu dute. Orain, alderdi guztiei Euskadiren alde lan egiten hasteko eskatu die.
"Oposizioak Gobernua zigortu du, baina herrialdea ez dago lehen baino hobeto", adierazi du Ortuzarrek. Aurrekontuak atzera botatzea alderdi guztien porrota dela uste du.
Diario Vasco egunkarian egindako elkarrizketan nabarmendu duenez, aurrekontu proiektua atzera botata, "inflexio-puntu batean gaude". Halaber, arduraz jokatzeko eskatu die oposizioko alderdiei.
Aurrekontuen negoziazioetan "tranpa" egitea egotzi dio Ortuzarrek PSEri, akordioa ixteko borondaterik ez zuela argudiatuta. Gaineratu duenez, jeltzaleek jakin bazakiten Bildurekin adostasunera heltzea "oso zaila" izango zela.
EAJ ez da itunaren beldur, baina sozialistekin akordioa lortzeko zailtasunak ikusten ditu Ortuzarrek. "PSE-EEk Eusko Jaurlaritza ahula nahi du, baina ez da ohartzen horrek herriari egiten diola kalte", gaineratu du.