Politika -
Urquijoren salaketaren ostean
Arraiz eta Ugartebururen aurkako salaketak artxibatuko ditu fiskalak
'Thierry'ren hileta-elizkizunean parte hartu ostean EH Bilduko legebiltzarkideen aurka abiatutako salaketak artxibatuko ditu Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak.
Erredakzioa
Xabier Lopez Peña 'Thierry' ETAko ustezko buruzagi ohiaren hiletan parte hartu ostean, Hasier Arraiz eta Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideen aurka abiatutako salaketak artxibatuko ditu Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiak, Gobernuko hainbat iturrik jakinarazi dutenez. Sortuko buruzagi hauei terrorismoa ustez goratzea leporatu zioten.
Calparsororen esanetan, "terrorista baten hiletan Arraiz egon izana deigarria bada ere, terrorismoaren goraipamena delitua leporatu ahal izateko, ekintza terroristarekiko babesa argia eta zalantzarik gabekoa behar da".
Carlos Urquijo Euskadin Gobernuko ordezkariak salaketa aurkeztu ostean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ikerketa abiatu zuen, baina EAEko fiskalari igorri zion auzia, Arraiz eta Ugarteburu EAEko forupekoak direlako.
Halaber, 'Thierry'ren hilotzari harrera egiteko Sondikako aireportuan egindako ekitaldian parte hartzeagatik Iker Rodrigo Sortuko ordezkaria atxilotzea agindu zuen Eloy Velasco epaileak. Hala ere, ondoren aske utzi zuen, kautelazko neurriak ezarri bazizkion ere. Rodrigok epailearen aurrean azpimarratu zuenez, Sortuk ez zuen harrera-ekitaldia antolatu.