Politika -
Asteburu honetan
Auzitegi Nazionalak debekatu egin ditu Bizkargi Eguneko ekitaldiak
"Ekitaldia egin ez dadin beharrezkoak diren neurri guztiak hartzera" deitu du Ertzaintza. Larrabetzun eta Bizkargi mendian deitu dituzte omenaldiak.
Erredakzioa
Bizkargi Eguneko ekitaldiak debekatuz idatzia helarazi dio Auzitegi Nazionalak Ertzaintzari, Segurtasun Sailak ohar batean jakitera eman duenez. Asteburu honetarako deitu dituzte ekitaldiak Bizkargi mendian eta Larrabetzun, eta mobilizazioa iragartzeko kartelak Ernai ezker abertzaleko gazte mugimenduak sinatu ditu.
Bilboko Burdinazko Gerriko gisa ezagutzen denaren defentsan Espainiako Gerra Zibilean Bizkargi mendian hildako gudariei urtero egiten dieten omenaldia da Bizkargi Eguna. Aurtengoa ez da lehen debekua, ordea. Izan ere, 2011n Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak ekitaldiak debekatu zituen, omenaldiak hildako ETAko militanteak goratzea helburu izango zuela iritzita.
Ostiral honetan jaso du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak asteburu honetako ekimenak debekatzen dituen idatzia. Autoan ''Borrokarako jaio gara'' lelopean gudariak omentzeko deitutako ekitaldia debekatu du ANk, eta ''ekitaldia egin ez dadin beharrezkoak diren neurri guztiak hartzera'' deitu du Ertzaintza.