Politika -
PSOE-Ko primarioak
Patxi Lopezek ez du baztertu PSOEko barne hauteskundeetara aurkeztea
"Ez dut bai edo ez esango", erantzun du, hautagaitza aurkeztuko duen galdetu diotenean.
Erredakzioa
Lehen aldiz, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak ez du ukatu PSOEko barne hauteskundeetara aurkeztuko dela, Alfredo Perez Rubalcaba ordezkatzeko. Izan ere, hautagaitza aurkeztuko ote duen galdetu diotenean, "ez dut bai edo ez esango" erantzun du.
Onda Cero irrati katean egindako elkarrizketa batean, PSOEko hurrengo idazkari nagusia militate sozialistek hautatuko dutela gogorarazi du Lopezek, eta hauteskunde primarioak ez direla "borroka" bat adierazi du.
"Ondo nago nagoen lekuan. Nire lekua Euskadi da. Bertan hautatu naute, eta duela gutxi, gainera", esan du.
Rubalcaba PSOE onbideratzeko egokiena den galdetu diotenean, gaur Diputatuen Kongresuan proposamen "interesgarriak" aurkeztuko dituela erantzun du.
"Erantzunak emango ditu [Kongresuan], eta hori da Espainiako gizarteari interesatzen zaiona. Nork [gidatuko duen PSOE], beste une batean erabakiko dugu. PSOEk alternatibak ditu, eta egunotan erakutsi du", gaineratu du.