Politika -
Ebazpena
Konstituzionalak baliogabetu egin ditu hautetsi ez diren zinegotziak
Epaia Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean, beren karguak utzi beharko dituzte hauteskunde zerrendetan agertzen ez diren zinegotziek.
Erredakzioa
Zinegotzi agiria ez duten pertsonak udal gobernuetako kide izendatzea Konstituzioaren aurkakoa dela berretsi du Auzitegi Konstituzionalak. Beraz, epaia Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dutenean, karguak utzi beharko dituzte egoera horretan dauden zinegotziek.
Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak Donostiako bi zinegotziri eta Bilboko Udaleko kontseilari ordezkariari eragiten die. Donostian, ebazpenak Jabi Vitoria Ogasun zinegotziari eta Nerea Txapartegi Kulturakoaren egoera moldatzera behartuko du udal gobernua. Bilboko Udalari dagokionez, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak Andoni Aldekoa kontseilari ordezkari eta Iñaki Azkuna alkatearen ondokoari eragiten dio.
Apiril amaieran, Auzitegi Konstituzionalak Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen zinegotzi agiria ez duten pertsonak udaletako gobernu-batzordeetako kide izendatzea.
Konstituzionalaren arabera, Konstituzioaren kontrakoa da Udal Gobernua Modernizatzeko Neurrien Legea, "hiri handietako" udalei hauteskundeetan aukeratu ez dituzten pertsonak udal-gobernuko batzordean sartzeko aukera ematen dielako. Lege horren arabera, gisa horretan hainbat zinegotzi izendatu ditzake alkateak, betiere, zinegotzien herena gainditu gabe.
Epaia eman aurretik izendatutako zinegotziek beren kargua utzi beharko zuketen galdetu zuen Fiskaltzak. Konstituzionaleko osoko bilkurak, baina, ez dio galdera horri erantzun nahi izan, izapidearen helburuaz haratago doala argudiatuta. Osoko bilkura osatzen dutenen ustez, epaiaren eragina aldatu nahi izan du Fiskaltzak.