Politika -
Kontsulta
Erabakitzeko eskubidearen batzordea sortu du Kataluniako Parlamentuak
Kataluniako Parlamentuak onartutako subiranotasunaren aldeko adierazpena edozein auzitegiren erabakiaren gainetik dagoela argudiatu dute CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdiek.
Erredakzioa
CiU, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUPen babesarekin erabakitzeko eskubidearen batzordea sortzea erabaki du gaur Kataluniako Parlamentuak, autodeterminazio kontsulta egiteko bideak azter ditzan.
Parlamentuak urtarrilean onartutako subiranotasunaren aldeko adierazpena oinarri du batzordeak, nahiz eta Auzitegi Konstituzionalak gaur bertan behera utzi, Espainiako Gobernuaren helegitea onartu ostean.
Kataluniako Parlamentuak onartutako subiranotasunaren aldeko adierazpena edozein auzitegiren erabakiaren gainetik dagoela argudiatu dute CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP alderdiek.
Alderdi Popularrak alde egin du
PPCko 19 parlamentariek hemiziklotik alde egin dute batzordearen eztabaidan ez parte hartzeko; izan ere, Konstituzioari "men ez egitea" eta "intsumisioa" dela uste dute, eta ondorioz, "legez kontrako ekintza argia".
Enric Millo PPCko bozeramaileak erabakiaren berri eman du, Ciutadansekin batera batzordea gai-zerrendatik at uzten saiatu ostean.
Junquerasen erorikoa
Bestalde, batzordearen sorrera bozkatzera zihoanean erorikoa izan du Oriol Junqueras ERCko buruzagiak. Eskailerarekin estropezu egin eta erori da. Osoko bilkura bost minutuz eten behar izan dute.
ERCko buruzagiak buruan kolpe handia hartu du eta Ganberako zerbitzu medikuek artatu behar izan dute.