Politika -
ETAren kontrako operazioa
ETA 'koma egoeran' dagoela berretsi du Barne Ministerioak
Francisco Martinez Espainiako Segurtasuneko idazkariaren arabera, ETA "oso ahul" dago eta "desagertu beste erremediorik ez du".
Erredakzioa
Francisco Martinez Estatuko Segurtasuneko idazkariaren arabera, ETA "koma egoeran" eta "oso ahul dago" eta irtenbide "bakarra" duela gaineratu du, "behin betiko desagertu eta armak entregatzea".
Martinezek gosari informatibo batean egin ditu adierazpen horiek. Kazetariek ETAren balizko zatiketa baten inguruan Europolek berriki kaleratutako txostenagatik galdetu diote eta Barne Ministerioak "logikoa denez" ETAren inguruko informazio asko duela eta informazio horiek "zuhurtziaz" erabiltzen dituztela erantzun die Martinezek.
Ez du Europolen informazioaren inguruko baloraziorik egin, baina Ministerioak ETAren inguruan duen informazioa erakundea "are gehiago ahultzeko" erabiltzen duela nabarmendu du.
"Irtenbide bakarra dute, behin betiko desagertzea", esan du Martinezek. "ETAk bere borondatez egiten ez duena Barne Ministerioak egingo du segurtasun indarren lan eraginkorrari esker", gaineratu du.
Aste honetan Frantzian ETAko ustezko sei kide atxilotu dituzte. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, ETAren logistika nukleoa desegin dute.