Politika -
Bosgarren edukiontzia
Hondakinen birziklatzea geldituta dago Andoainen, EAJren arabera
EAJk salatu duenez, PSEk jarrera aldatu du eta ez du babestu Bilduri bosgarren edukiontzia jartzea eskatzeko jeltzaleek aurkeztu zuten mozioa.
Erredakzioa
EAJk Bilduren "paralisia" eta PSE-EEren "konplizitatea eta isiltasuna" salatu ditu. Jeltzaleen ustez, jarrera horiek Andoainen (Gipuzkoa) birziklatzea oztopatzen dute. Horren harira, nahiz eta hainbat udalbatzatan "bosgarren edukiontzia ezartzearen aldeko apustu garbia" egin den eta atez atekoa ezartzea baztertu den, "ez da inolako aurrerapausorik egin hondakinak biltzeko sistema hobetzeko", adierazi du.
Komunikatu batean, jeltzaleek sozialisten kontra jo dute "jarrera aldatzeagatik" eta EAJk aurkeztutako "mozio osoa ez babesteagatik". Bertan, "bosgarren edukiontzia jartzeko neurri zehatzak hartzea eta demagogia uztea" eskatu zioten Bilduri.
Horren harira, bi mozio eztabaidatu dituztela gogorarazi dute: lehenengoa, PSE-EEk aurkeztutakoa eta jeltzaleek babestu zutena, "oso generikoa"; eta bigarrena, EAJk aurkeztutakoa eta PSE-EEk babestu ez zuena, "zehatzagoa eta osatuagoa", "pauso zehatzak eskatzeko". Hori dela eta, jeltzaleen ustez, Bilduk "inposatu eta gelditu egiten du, eta PSE-EEk isildu eta onartu".
Horren iritziz, andoaindar gehienek edukiontzi marroiaren alde egin ostean, "praktikoa eta eraginkorra" delako, "ez da bidezkoa ez jartzea, udalerrian egun dagoen sistema hobetuko bailuke, bilketa selektiboaren indize hobeak ekarriko baititu".
"Bildu eta PSE txanpon beraren bi aldeak dira. Batzuek gelditu eta inposatu egiten dute, eta besteek isildu eta onartu. Bilduko 'ekologistek' ez dute bosgarren edukiontzia jarri nahi, eta sozialistak, euren isiltasunarekin, konplizitatearekin eta babesarekin, Bildu legitimatzen ari dira, hondakinen bilketa geldiaraztea lortzen ari dira, Andoainen birziklatzea geldiarazita", jeltzaleen esanetan.
Edukiontzi marroia
Alderdi jeltzaleak "bosgarren edukiontziaren (hondakin organikoak biltzeko) aldeko apustua" egin du, "birziklatze tasa hobeak" lortu ahal izateko, baina hori bultzatzeko mozioa ezin izan dutela aurrera atera gogorarazi du.
Ekimen horrekin, EAJk "sistema 2013an zehar jartzeko" aurrekontu bat martxan jartzea nahi zuen. Horretarako, mankomunitateari eskakizuna egin nahi zioten Andoainen bosgarren edukiontzia jartzeko, eta sistema hori faseka abiatzea, egun bilketa egiteko finkatuta dauden gune nagusietatik abiatuta.
Modu horretan, bigarren fase batean, edukiontzi gehiago izatea aurreikusten zuten.
Horrekin batera, herritarrak kontzientziatzeko kanpainak martxan jarri nahi zituzten, birziklatzearen kultura ezagutarazteko.