Politika -

Bakegintza

Ortuzarrek armak euskal erakundeen esku uzteko eskatu dio ETAri

Bestalde, EAJren presidenteak adierazi du bere alderdiak eta lehendakariak Ajuria Eneko mahaia sustatuko dutela, "alderdi guztiekin susperraldia eta enplegua" indartzeko egitasmoak adosteko.

Andoni Ortuzar EAJren presidentea. Argazkia: EiTB
Andoni Ortuzar EAJren presidentea.
Andoni Ortuzar EAJren presidentea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren presidenteak alde bakarreko pauso gehiago eskatu dizkio ETAri: "Desarmatzea, egindako kaltearen aitortza eta elkarbizitzarako keinuak trukean ezer jaso gabe". Hori dela eta, armak euskal erakundeen esku uzteko deia egin dio, euskal herritarren ordezkariak bertan daudelako.

Forum Europak antolatuta Bilbon emandako hitzaldi batean egin ditu adierazpenok Ortuzarrek.

Ortuzarrek azpimarratu du ETAk "Euskadiko gizon eta emakumeen aurrean, euskal gizartearen aurrean" eman behar dituela pausoak. Era berean, EAJk "isileko" lana egiten jarraitzeko prestutasuna duela berretsi du.

Ajuria Eneko Mahaia alderdi guztiekin

Bestalde, Ortuzarrek adierazi du EAJk eta Iñigo Urkullu lehendakariak Ajuria Eneko mahaia sustatuko dutela, "alderdi guztiekin susperraldia eta enplegua" indartzeko egitasmoak adosteko. EAJ sozialistekin aldebiko bilerak egiten hasi behar den egunean bertan esan du Ortuzarrek alderdi guztiekin egin nahi dutela ituna.

EAJren presidenteak konfiantza du ituna "enpleguaren sorkuntzaren, hazkunde ekonomikoare eta kohesioaren" aldeko apustua egiten duten alderdi eta eragile sozial eta ekonomiko guztiekin lortzeko.

"Euskal gizarteak akordio hori behar du etorkizunerako. Ajuria Eneko mahaia, berpizkundearen eta enpleguaren alde. Herrialde honetako herritarrek behar dute, ez EAJk ez lehendakariak", gaineratu du.

Hori dela eta, alderdiei "ikuspegi zabal" izatea eskatu die, herritarrak "interes alderdikoien gainetik" daudelako.

"Autobusa akordio handiak lortu nahi dituenaren zain dago. Autobusak handia behar du izan, denok kabituko garena", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Bizkaia