Politika -

Polizia operazioa

Madrilera eraman dituzte Gipuzkoan atxilotutako ETAko ustezko kideak

Terrorismoaren aurkako borrokaren iturrien arabera, Jon Lizarribar eta Ruben Gelbentzu "desaktibatuta" zeuden egun, hau da, ez zuten inolako loturarik ETAko buruekin.

Lau atentatu egin dituen talde bateko kide izatea egotzi diete atxilotuei. EiTB
Lau atentatu egin dituen talde bateko kide izatea egotzi diete atxilotuei. EiTB
ETAko bi ustezko kide atxilotu dituzte, Andoainen eta Urnietan

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Urnietan eta Andoainen (Gipuzkoa) atxilotutako ETAko bi ustezko kideak, Jon Lizarribar eta Ruben Gelbentzu, Madrilera eraman dituzte dagoeneko, eta, bertan, inkomunikatuta daude, Guardia Zibilaren esku, epailearenera eraman arte.

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak ETAren Izarbeltz talde 'legaleko' (Poliziak fitxatu gabekoa) kide izatea egotzi die. Talde horrek lau atentatu egin zituen duela 11 urte.

Hain zuzen ere, 2002. urtean izan ziren atentatu horiek, Nafarroako Unibertsitatearen, Zaragozako El Corte Inglesen eta Arguedaseko eta Azagrako (Nafarroa) bi enpresaren aurka. Ez zen inor hil, baina orotara sei pertsona zauritu ziren.

Terrorismoaren aurkako borrokaren iturriak aipatuta Europa Press agentziak jakinarazi duenez, atxilotutakoak "desaktibatuta" zeuden egun, hau da, ez zuten inolako loturarik ETAren buruekin.

Barne Ministerioaren esanetan, ETAko hainbat buruzagiri Frantzian atzemandako agiriei esker egin dituzte gaurko atxiloketak.

Lizarribar eta Gelbentzu 2003. eta 2004. urteetan ere atzeman zituzten, ETArekin lotuta zeudelakoan, eta horietako bati, Lizarribari, sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten, Frantzian.

ETAko iheslariek larunbatean euren itzulera aldarrikatzeko egingo duten ekitaldiaren bezperan etorri dira gaurko atxiloketak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea