Politika -

Barcenas auzia

Luis Barcenasen auziko kronologia judiziala

Duela lau urte hasi zen Barcenas PPko diruzain ohiaren ibilera epaitegietan;  lehenik eta behin, Gürtel auzian izan zen, inputatu gisa, eta, ondoren, 'Barcenasen paperak' deritzon ikerketaren baitan.

Luis Barcenas, PPko diruzain ohia
Luis Barcenas, PPko diruzain ohia
Luis Barcenas, PPko diruzain ohia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den ekainaren 27an, bere ondasunen nondik norakoen berri eman zuen Luis Barcenasek  Auzitegi Nazionalean, eta Gürtel auziko instrukzio epaileak Alderdi Popularreko diruzain ohia fidantzarik gabe kartzelatzeko agindua eman zuen, 'ihes egiteko arriskua' zegoela argudiatuta.  Hala, Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak eskatutako neurria ezarri zuen epaileak. Gainera, 28,1 milioi euroko fidantza ezartzea ere erabaki zuen, ardura zibilagatik.

Suitzan 47 milioi euro baino gehiago pilatu zituen Barcenasek, hainbat kontutan; Gürtel auziaren ardura duen epaileak dirua zuritzea, eroskeria eta ogasunari iruzur egitea egotzi dio.

Luis Barcenas PPren diruzain ohiaren kronologia judiziala:

2009

Ekainak 11: Barcenasek Gürtel auzian zerikusia duen zantzu argiak ikusten ditu Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak, eta kasua Auzitegi Gorenaren esku uzteko eskatu zuen.

Ekainak 15: Antonio Pedreira Gürtel auziko instrukzio epaileak Auzitegi Gorenaren esku utzi zuen auzia.

Uztailak 8: PPko diruzain kargua behin-behinean utzi zuen Barcenasek

2010

Apirilak 8: PPko diruzain kargua behin betiko utzi zuen Barcenasek

Apirilak 19: Kantabriako senatari aktari uko egingo zion Barcenasek, eta, ondorioz, forupeko izateari utzi zion.

2011

Irailak 1: Eroskeria, diru-zuritzea eta iruzurra egozteko frogarik ez zegoela eta, Barcenasen aurkako auzia artxibatzea eskatu zuen Pedreira epaileak. Berehala baina, Ustelkeriaren  Aurkako Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen, artxibatzearen aurka.

2012

Martxoak 15: Auzitegi Nazionalak Barcenasen kontrako auzia berriro zabaltzea erabaki zuen.

2013

Urtarrilak 16: Suitzako banku batean  Barcenasek 22 milioi euro izan zituela frogatzen duen dokumentazioa helarazi zioten Pablo Ruz epaileari, Auzitegi Nazionalean Gürtel auziaren ardura duen instrukzio epaileari.

Urtarrilak 18: PPko buruzagitzako hainbat kideri Barcenasek hainbat urtez ordainsariak eman zizkiela argitaratu zuen El Mund egunkariak .

Urtarrilak 24: PPk 'B kutxa' bat izan lezakeela iritzita, ikerketa jarri zuen abian Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak.

Urtarrilak 31: 'Barcenasen paper sekretuak' argitaratu zituen El País egunkariak. Bertan, 1990etik  2009ra  bitartean  PPko zuzendaritzako hainbat kideri egindako ezkutuko ordainsariak daude jasota.

Otsailak 1: Jose Maria Aznar  Espainiako presidente ohiak El País egunkariaren aurkako salaketa jarri zuen, gainsoldatak jasotzeko sistema berak asmatu zuela esateagatik.

Otsailak 2: 'Diru beltza' ez duela inoiz jaso ziurtatu zuen Rajoyk.

Otsailak 6-7: Fiskaltzaren aurrean, deklarazio sorta: argitara eman diren paperetan agertzen den idazkera ez dela berea esan zuen Barcenasek.  Alvaro Lapuerta  Barcenasen aurretik PPko diruzaina izandakoak ukatu egin zuen euren alderdiak kontabilitate paralelorik izatea. Jorge Trias PPko diputatu ohiak, berriz,  Barcenasek  eskuz idatzitako paperen fotokopia bat erakutsi ziola baina originalik ez duela inoiz ikusi adierazi zuen

Otsailak 18: Maria Dolores de Cospedal  Alderdi Popularreko idazkari nagusiak Barcenasen eta El Pais egunkariaren aurkako salaketak jarri zituen, 7.500 euroko bi gainsoldata  jaso  zituela ageri delako argitaratu diren paperetan.

Otsailak 25: Ruz epailearen aurrean Barcenasek aitortu du Suitzan 38 milioi euro izatera iritsi zela, 'negozioetan eta burtsan izandako emaitza onen ondorioz'.  Deklarazioa eta gero,  pasaportea kendu dio epaileak Barcenasi, Espainiatik irtetea debekatu dio eta hilero,  1ean eta 15ean, Auzitegian aurkeztu beharko du.

Otsailak 26: Barcenasek salaketa jarri zuen PPren aurka, bidegabe kaleratu izana egotzita.  Diruzain ohiaren esanetan, 2013ko urtarrilaren 31ra arte egin zuen lan Alderdi Popularrarentzat.  PPk, aldiz, 2010eko apiriletik alderdian lanik ez duela egin azpimarratu zuen.

Martxoak 7: 'Barcenasen paperen' auziak  Gürtel auziarekin zuzeneko lotura duen ustean, Ruz epaileak hori argitzeko beste pieza bat zabaltzea erabaki zuen.

Martxoak 11: PPk 'B kontabilitatea' duela salatu zuen IUk eta Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko epaileak tramitera onartu zuen salaketa. Ondorioz,  eskumen-gatazka bat sortu zen Gomez Bermudez eta Ruz epaileen artean. Azkenean, gaiaren inguruko neurriak hartzea  Ruz epaileari dagokiola ebatzi zuten.

Martxoak 26: Angel Sanchis Aliantza  Popularreko diruzain ohia inputatu zuen Ruz epaileak, Barcenasi lagundu ziolakoan, dirua Suitzan ezkutatu zuenean.

Apirilak 26: Argitara eman diren paperak Barcenasen idatzitakoak direla ebatzi zuten Poliziaren perituek.

Maiatzak 6: Barcenas auzia argitzen laguntzeko ikerketa abiatu zuen Genevako Fiskaltzak.

Maiatzak 10: Gobernuko presidente zela, 1996. urtean,  Jose Maria Aznarrek ‘ordezkapen gastu’ gisa 16.755 euroko gainsoldata jaso zuela argitaratu zuen El Pais egunkariak.

Maiatzak 26-29: Ustez eskupekoak eman zituzten zortzi enpresaburuk epailearen aurrean deklaratu zuten. Horietako bik bakarrik onartu zuten PPri dirua eman ziotela.

Maiatzak 30: Barcenasek Suitzan dituen kontuak blokeatzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak.

Ekainak 6: Barcenasek Suitzako kontuetako dirua Gürteleko komisioei esker pilatu zuela ebatzi zuen ogasun eta ekonomia delituetarako unitateak.

Ekainak 10: Pio Garcia Escudero Senatuko presidente popularrak  PPk egindako mailegu bat ez zuela aitortu jakinarazi zuten.

Ekainak 14: Erregu gutun baten arabera, Barcenasek orotara 47 milioi euro gorde zituen Suitzan.

Ekainak 25: AEBetan, Bahametan eta Uruguain Barcenasek kontu gehiago dituen susmoa agertu zuen Ogasun Ministerioak. Hori argitzeko eska zezan, txosten bat igorri zion epaileari.

Ekainak 27: Barcenas kartzelatzeko agindua eman zuen Ruz epaileak.

Uztailak 15: Luis Barcenas PPko diruzain ohiak Mariano Rajoy Espainiako eta PPren presidenteari eta Maria Dolores de Cospedal alderdiko idazkari nagusiari 2008an, 2009an eta 2010ean gainsoldatak ordaindu zizkiola aitortu zion Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea