Politika -
Sektore publikoaren erreforma
Jaurlaritzak % 21 murriztuko du gastu arrunta
Jaurlaritzak sektore publikoa erreformatzeko plana onartu du. Erakunde publikoen eta zuzendarien kopurua %26 eta % 20 murriztea aurreikusten du horrek.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak % 26 murriztuko du erakunde publikoen kopurua, eta % 20 zuzendari kopurua, sektore publikoa erreformatzeko planaren baitan. Halaber, gastu arruntan 235 milioi euroko (% 21) murrizketa egingo du.
Iñigo Urkullu lehendakariak "sozietate eta erakunde kopurua doitzeko eta gastuak murrizteko" plana aurkeztu du gaur, Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluan onartu eta gero.
Agintariaren esanetan, Jaurlaritzak % 26 murriztuko du erakunde publikoen kopurua, hau da, sektore publikoa 192 erakunde izatetik 142 izatera pasatuko da. 50 gutxiago, guztira.
Bestalde, fundazio bat gutxiago egongo da (8tik 7ra jaitsiko da kopurua), eta partzuergo kopuruari eutsiko diote (bakarra). Murrizketarik gogorrena erakunde publikoetan (42tik 28ra), eta partekatutako erakundeetan (123tik 88ra) egingo dute.
Hiru parke teknologikoek bat egingo dute eta Bilbao Ria 2000 desagertuko da
EAEko hiru parke teknologikoak kudeatzen dituzten erakundeak uztartu, eta, ondorioz, bakarra geratuko da. Egungo 12 industrialdeak ere bat egin eta bakarra utziko dute lurraldeko.
Bestalde, Bilbao Ria 2000 erakundea desagertu egingo da. Jaizkibia, Central Hidroelectrica de Renteria, Saiolan, Garaia Berrikuntza Gunea, eta Elkano XXI eta Suztapen arrisku kapital funtsak ere desagertuko dira.
Halaber, Hobetuz Lanbide barruan sartzea proposatu dute.
Onartutako testuak Burdinbidearen Euskal Museoaren fundazioa bertan behera utzi eta horren lanak Eusko Trenbidearen gain uztea jasotzen du.
Zuzendari kopurua
Horrez gain, administrazioen zuzendaritzak "argaltzeko" konpromisoa ere hartu du. Egun, 239 zuzendari daude EAEko administrazio publikoetan, eta plana indarrean sartzen den unean, 192ra jaitsiko da kopurua, % 20 gutxiago.
Gastu arrunta
Gainera, gastu arrunta 235 milioi euro murriztuko dute, hau da, 1.119 milioi eurotik, 884 milioi eurora.
Kalitateari eutsiko diotela ziurtatu dute
"Denak bat gatoz ideia batean: zerbitzu publikoaren kalitate maila mantendu egin behar dugu; eta bizi dugun egoeran hori lortzeko gure barne egiturak eta gastuak murriztuz edota egokituz ere lortu behar dugu", adierazi du Urkulluk.
"Lau urte hauetan asko hitz egin da euskal sektore publikoari buruz. Guk gure Administrazioari dagokion estrategia bat proposatu dugu. Sektore publikoaren mapa berria proposatu dugu. Hemendik aurrera Erakunde eta funtzionamendu gastu gutxiagorekin zerbitzu publikoen kalitate maila mantenduko dugu", gaineratu du.