Politika -
Mugako krisia
Londresen 'irmotasuna' txalotu du Gibraltarreko Gobernuak
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Mariano Rajoy Espainiako presidenteari egindako deiarekin azaldutako "konpromisoa" azpimarratu du Gibraltarreko Exekutiboak.
Erredakzioa
Espainiarekin izandako harremanetan Erresuma Batuko Exekutiboak azaldutako "irmotasuna" eskertu du Gibraltarreko Gobernuak. Bestalde, Londresek eta Madrilek mugako krisia konpontzeko "lantaldeak" sortzea adostu ez dutela adierazi du Gibraltarreko Gobernuak, nahiz eta Espainiako Atzerri ministroak kontrakoa esan.
David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Mariano Rajoy Espainiako presidenteari egindako deiarekin azaldutako "konpromisoa" azpimarratu du Gibraltarreko Exekutiboak; izan ere, Cameron Espainiaren "mehatxuak" eta azken egunetan hartutako neurriak direla-eta kexatu da.
Cameronen deiari Jose Manuel Garcia-Margallo eta William Hague Atzerri ministroek izandako bilerak jarraitu dio. Gibraltarreko Gobernuaren ahotan, Londresek krisia "seriotasunez" hartu duela demostratzen du horrek.
Telefono deia
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak bi herrialdeen arteko harremanak eta gatazkak "zintzotasunez" konpondu behar direla helarazi dio Britainia Handiko lehen ministroari, eta Gibaltarreko aldebakarreko azken ekintzak "onartezinak" direla azaldu dio.
Britainia Handiko lehen ministroak deituta, hamar minutu iraun duen hizketaldian, Rajoyk adierazi du "Algeciraseko badian zementuzko blokeak jartzea bezalako aldebakarreko ekintzak onartezinak" direla.
Rajoyren hitzetan, Espainia eta Erresuma Batua "kideak, lagunak eta aliatuak" dira, ondorioz, "bien artean sortzen diren gatazkak zintzotasunez eta gardentasunez konpondu behar dira, nazioarteko, Europako eta herrialde bakoitzeko legaltasunaren barruan dagoen aldebiko elkarrizketan oinarrituta".
Gobernuko presidenteak Gibraltarreko agintariek sortutako tentsio egoerari lehenbailehen irtenbidea jartzeko nahia agertu dio Cameroni. Halaber, Espainian "egonezina eta kezka handia sortu" dituela jakinarazi dio, "ingurumenari eta arrantzagintza sektoreari kalte egin dielako".
Espainiako hiru arrantzale atxilotu dituzte Gibraltarren
Gibraltarreko Poliziako agenteek Espainiako hiru arrantzale atxilotu dituzte, tabako-kontrabandoagatik, Gibraltarreko Gobernuak ohar batean jakitera eman duenez.
Atxiloketa asteazken honetan izan da, 04:00etan, agenteek 'San Frantzisko' arrantza-ontzia atzeman eta gero.