Politika -
Bilboko Aste Nagusia
PSE-EEk Aste Nagusiko txupineraren hautaketa era aldatzea proposatu du
Ordezkari sozialistaren ustez, "Artolaren polemika Gobernuko ordezkariak sortu zuen eta kalean ez dagoen eztabaida artifizial bat da".
Erredakzioa
Udal Gobernuak biharko Jai Batzordean Aste Nagusiko txupinazoaren inguruan hartuko duen postura defendatuko duela iragarri du Alfonso Gil Bilboko PSE-EE ordezkariak, betiere jai lasaiak izatera laguntzen duen bitartean. Horrez gain, epe ertainera txupinera aukeratzeko era aldatzearen alde agertu da.
Nahiz eta Jone Artola Aste Nagusiaren txupinera izatearen debekuak polemika sortu duen, ordezkari sozialistak larunbatean hasten den Bilboko Aste Nagusia era lasai batean igarotzeko eskaera egin du prentsaurreko batean. Horretarako, agindu judiziala jaso ostean beste txupinera bat izendatzeko eskatu die konpartsei -ez dutela ordezkatuko esan dute-, eta ezker abertzaleari datorren abuztuaren 23rako deitu duen manifestazioa bertan behera uzteko eskatu dio.
Gainera, jadanik erregistraturik dagoen mozio bat aurkeztu du, jai ereduaz eztabaidatzeko. Bertan, orain arte txupinera aukeratzeko modua aldatzea eta jaia hiri guztiko auzoetara hedatzea proposatuko dute.
"Txintik ere ez"
Artolaren inguruko polemika Gobernuko ordezkariak sortutako eztabaida artifizial bat dela azpimarratu du, baina konpartsei bere barnean daukaten pluraltasuna onartu behar dutela gogorarazi die.
Gilek aipatu duenez, Bilboko PPk "ez zuen txintik ere esan" lehenengo Jai Batzordean Artolaren izena aipatu zutenean, eta hilabete baten ondoren, Urquijok hitz egin duenean, berau defendatzera irten dira, "Bilboko herritarrak alde batera utziz".