Politika -
Bukatu da azken saioa
Epaiaren zain utzi dute 'Faisan auzia'ren inguruko epaiketa
Bi akusatuek ez dute azken hitza esateko aukera erabili. 'Faisan auzia'ren inguruko azken epaiketa ez izatea espero du PPk.
Erredakzioa
Epaiaren zain utzi dute 'Faisan auzia'ren inguruko epaiketa. Astelehen honetan egin dute epaiketaren bosgarren eta azken saioa, eta, bertan, Enrique Pamies eta Jose Maria Ballesteros akusatuen defentsek txostenak aurkeztu dituzte, akusatuak errugabeak direla defendatzeko. Sekretuak ezagutaraztea eta banda armatuarekin kolaboratzea egotzi diete biei.
Era berean, Alderdi Popularraren, Terrorismoaren Biktimen Elkartearen (AVT) eta Dignidad y Justiciaren akusazio partikularrek ere bere ondorioak azaldu dituzte. Faisan auziaren inguruko azken epaiketa ez izatea espero dutela esan du PPko abokatuak.
Bi akusatuek ez dute azken hitza esateko aukera erabili.
Akusazio partikularrak
Akusazio partikularren ustez, ''frogatuta'' geratu da 2006ko maiatzaren 4an Pamiesek Ballesteros igorri zuela Faisan tabernara, Joseba Elosua tabernako jabeari telefono bat emateko asmoz eta horren bidez ETAko estortsio aparatuaren kontrako operazioaren berri ohartarazteko.
AVTren eta Dignidad y Justiciaren abokatuen hitzetan ''agerikoa'' da filtrazioa egon zela, asmo politikoa izan zuela eta akusatuen aulkiko ordezkari polizialak direla horren erantzuleak.
Auzi horren harian, agintari politikoak ere epaitzea espero du PPk
Alexis Godoy PPko abokatuak, bestalde, filtrazioaren asmoa politikoa izan zela berretsi du, eta berau akusatuen ekimena izan zela defendatzea ''ezinezkoa'' dela esan du.
"Ez zuten bere kabuz jardun, baizik eta beste batzuen agundiei jarraituz (...). Honako hau 'Faisan auzi'ko epaiketa bakarra ez izatea espero dugu'', gaineratu du.
Akusatuen abokatuak
Akusazio partikularren ondoren, defentsek ere azken txostenak plazaratu dituzte, eta bi akusatuak aske uzteko eskatu dute, instrukzioa ''urria'' izan zela eta ''ezerezean oinarrituta'' egon zela argudiatuta.
"Ez dira zantzuak, kateatzeak dira. Frogatuta geratu ez diren fede kontuak dira'', esan du defentsak. Elosua bertan ez zegoela azpimarratzeaz gain, deiaren ordua ere okerra dela defendatu du, ikerketak ez zuelako kontuan hartu bideo zintetan mozketak eta ordu desfasea egotea.
Deklarazioak
Filtrazioak 108.000 euro berreskuratzea eragotzi zuela ziurtatu zuen Carlos Germanek, Faisan tabernan ETAri ustez emandako ezkutuko informazioa ikertu zuen polizia-komisarioak. ETAko estortsio taldearen aurkako operazioa zapuztu zuela erantsi zuen; izan ere, atxilotuei ez zieten "ezer atzeman".
ETAren kontrako polizia operazioa geldiarazteko "agindu politikoa" jaso ez, eta halakorik "inoiz onartuko" ez lukeela adierazi zuen Enrique Pamies Espainiako Poliziak EAEn zuen buruak.
Bestalde, Joseba Elosua Faisan tabernako jabeak eta ETAko estortsio taldeko kideak aitortu zuenez, ezagutzen zuen ETAko kide bat atxilotu behar zutela ohartarazi zion pertsona batek telefonoz 2006an. Deiak "erabat lelotuta" utzi zuela gaineratu zuen. Polizia batek deitu ziola uste du Elosuak.
Zigor eskaerak
Carlos Bautista fiskalak ondorioak azaldu eta zigorrak mantendu zituen ostegunean. Sekretuak ezagutarazteagatik, urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu zuen Pamiesentzat, eta bi urtekoa Ballesterosentzat. Bestalde, ETArekin kolaboratzeagatik bost urteko zigorra eskatu zuen bakoitzarentzat.
Akusazio partikularrek hasieran eskatu zituzten espetxe-zigorrak berretsi zituzten. PPk 7 urte eta erdi eta 8 urte eta erdi arteko igorra eskatu zuen, AVTk zortzi urte eta zortzi urte eta erdi, eta Dignidad y Justiciak 9 eta 10 urte artekoa.