Politika -
Elkarrizketa
EAJ: 'Parot doktrina baliogabetzea urrats erraldoia litzateke'
Bestalde, EAJren eta PSE-EEren arteko itun fiskala "arretaz irakurtzeko" eskatu dio EH Bilduri, "ondorio politikoak" kontuan hartu gabe akordio batera heltzeko.
Erredakzioa
Estrasburgoko Epaitegiak 'Parot doktrina' baliogabetzea "gatazkaren konponbiderako urrats erraldoia" litzatekeela adierazi du gaur Andoni Ortuzar EAJko presidenteak.Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Ortuzarrek esan du 'Parot doktrina'ren bitartez Espainiako Gobernuak "betiereko zigorra" ezarri zuela. "Izatez, Konstituzioaren ezkutuko erreforma bat da", esan du Ortuzarrek.EAJko presidentearen iritziz, 'Parot doktrina'k ez du presoen gizarteratzea "laguntzen" eta ez dio elkarbizitzari onurarik ekarriko.Horrenbestez, Espainiako Gobernuari bere espetxe politika aldatzeko eta ezker abertzaleari "aurrerapausoak" emateko eskatu die Ortuzarrek.
Itun fiskala
Bestalde, EAJren eta PSE-EEren arteko itun fiskala "arretaz irakurtzeko" eskatu dio EH Bilduri, "ondorio politikoak" kontuan hartu gabe akordio batera heltzeko. Halaber, erreforma fiskala bideratzeko, aste honetan bertan Gipuzkoako Batzar Nagusietan legez besteko proposamen bat aurkeztuko dutela iragarri du.Ortuzarrek esan du "berri ona" dela PPk itun fiskalarekin bat egitea, "ona delako krisitik irten behar duen eta beste erronka batzuei aurre egin behar dien herri batek erakunde guztien egonkortasuna bermatuko duten eta denboran iraungo duten akordio zabalekin egitea".
Ortuzarren iritziz, EH Bilduk ere bat egiteko aukera izan du, PPk izan zuen "eskaintza bera eta aldi berean" izan zuelako. Horren harian, koalizio abertzaleak "EAJri aurre egiteko borroka estrategia bat" egin nahi izan duela esan du, baina PSE-EE "ezkerreko politikak eskuinekoen kontrako ardatzaren bazkide bezala desagertu zaionean, bere estrategia guztia erori zaio eta berriro kokatu behar du bere burua".