Politika -
Alkateen bake konferentzia
Irungo alkatea (PSE): 'Sigletatik haratago joan behar dugu'
ETAren desagerpena ''pauso garrantzitsua'' dela esan du Santanok, baina ez du uste prozesuan aurrera egitea oztopatzen duen elementua denik.
Erredakzioa
Elkarbizitza bilatzeko lanetan, alkateak ''sigla politikoetatik haratago'' joan behar dutela defendatu du ostegun honetan Jose Antonio Santano Irungo alkateak (PSE) Donostian abiatu den alkateen nazioarteko bake konferentziari.
Bakea abagune politikotik, horien joan-etorrietatik eta ''epe laburreko'' interesetatik ''at'' geratu behar duela uste du Santanok.
Irungo alkatearen ustez, Donostiako bake konferentziarekin ''ezberdinen arteko'' elkarbizitzan ''aurrerapauso garrantzitsua'' eman dute. Etorkizunean ''Euskadiko alkate gehiago'' bilduko dituen hitzordu berriak egotea espero duela gaineratu du.
Santanok onartu du Irungo kasua ''berezia'' dela, ezker abertzalea ''beti'' egon delako bertako Udalean, baita Batasuna eta beste alderdi batzuk legez kanpo utzi izan dituzten garaietan ere.
Bake konferentzia hasi aurretik biktima ''guztiak'' gogoratzeko minutu bateko isilunea egiteko proposamenarekin bat egin izana eskertu dio Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateari.
Egindako kaltea ''aitortzea'' aurrera egiteko ''ezinbestekoa'' dela azpimarratu du Irungo alkateak.
ETAren amaiera
Etorkizunari begira, Santonok esan du ETAren desagerpena ''pauso garrantzitsua'' dela, baina ez du uste prozesuan ''aurrera egitea'' oztopatzen duen elementua denik.
''Arerio'' izan denarekin ''zubi lanak egiteko'' elkarrizketa ''bateratzailea'' ezarri ahal izateko tokiko esparru eta erakundeak egokiak direla uste du.