Politika -
Frankismoaren biktimak
Elizaren barkamena exijitu diote frankismoaren biktimek Aita Santuari
Egiaren batzorderako plataformaren arabera, "hierarkia katolikoak biktima batzuk goraipatu egiten ditu beatifikazio eta kanonizazioekin, eta errepresio frankistaren biktimak ahaztu egiten ditu".
Erredakzioa
Eliza Katolikoak kolpe militarrari eta diktadurari emandako babesagatik barkamena eska dezan exijitu dio frankismoko krimenen inguruko egiaren batzorderako plataformak Frantzisko aita santuari. Egia, justizia eta biktimentzat ordaina bilatzen laguntzeko ere eskatu dio plataformak Frantziskori.
Gainera, aita santuari bidalitako gutun batean, datorren igandean Tarragonan ospatuko den 522 "fedearen martiri"ren beatifikazio ekitaldia bertan behera uzteko eskatu du egiaren batzorderako plataformak.
Diktadura espainiarraren biktimen ustez, beatifikazioarekin, "ekitaldi erlijioso baten atzean ezkutatuta", elizako hierarkia "frankismoaren aldeko ekintza politiko bat burutzen ari da, biktima batzuk beatifikazio eta kanonizazioekin goraipatu eta frankismoaren biktimak, Elizako kideak barne, ahaztu egiten baititu".
Plataformak memoria demokratikoaren eta biktimen eta senideen ehun elkarte baino gehiago biltzen ditu. Frantziskori bidalitako gutunean, aita santuaren helburua frankismoaren krimenen inguruko egiaren batzordea sortzea dela gogorarazi diote. Diktadura garaian gertatu zena argitu ostean, biktimentzako justizia eta ordaina lortzea nahi du plataformak.
"1936an Francok Espainiar Errepublikaren aurka egindako altxamenduari Eliza Katolikoak babesa eman ziola jakin behar duzu", dio plataformak gutunean. "Gurutzadatzat hartu zuen Gerra Zibila, altxatu ziren jeneralei babesa emanez, eta diktadura faxista hark espainiarrengan burutu zuen errepresioa legitimatu zuen".
Diktadura garaian, alderdi frankistako biktimak gogoratu –"Jainkoaren eta Espainiaren alde eroriak"- eta frankismoaren ehundaka biktima, "Elizako kideak barne", ahaztu egiten zirela zehaztu du plataformak. Hildako apaiz euskaldunak, justiziaren eta askatasunaren alde borrokatu zuten laikoak eta Zamorako kartzelako apaizak oroitu dituzte frankismoaren biktimek.
Plataformaren iritziz, "ez da ezer aldatu" diktadorearen heriotza eta gero, eta egungo demokrazia aldian, hierarkia katolikoak jardunbide berdinak dituela adierazi du: "alde batetik, biktima batzuk beatifikazio eta kanonizazioekin goraipatzen ditu, eta beste aldetik, errepresio frankistaren biktimak ahaztu egiten ditu".
"Ulertzen dugu bakoitzak bere biktimak oroitzeko nahi duena egiteko eskubidea duela, baina ez Estatuaren pribilegioak lortzeko eta beste kaltetuez ahazteko. Eta gutxiago 'bakea eta elkartasuna' aureola erabiliz", gehitu du plataformak.