Politika -

'Parot doktrina'

Estrasburgok gaur jakinaraziko du 'Parot doktrinaren' epaia

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 11:30ean ezagutaraziko du behin betiko epaia, eta Espainiako Gobernuaren helegitea bertan behera uzten badu hainbat preso aske geldituko dira.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urriaren 21ean emango du epaiaren berri. Argazkia: EiTB
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urriaren 21ean emango du epaiaren berri. Argazkia: EiTB
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urriaren 21ean emango du epaiaren berri. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dean Spielmann Europako Giza Eskubideen Auzitegiko presidenteak irakurriko du gaur 'Parot doktrinaren' gaineko epaia, Michael O’Boyle idazkari nagusiarekin batera. Ezustekorik ezean, behin betiko baliogabetuko du. Auzitegiak 11:30ean ezagutaraziko du epaia, eta oraingoan erabakia irmoa eta behin betikoa izango da.

Estrasburgoko Auzitegiak berriz ere Ines del Rio presoari arrazoia ematen badio kaleratu egin beharko dute, eta harekin batera baita doktrina hori jasan duten presoak ere. Guztira ETAko 60 bat preso aske gera litezke.

Estrasburgok lehen epaian Ines del Rio aske uzteko agindu zuen, luzatu egin ziotelako kode penalaren arabera bete behar zuen kartzela zigorra. Europako Auzitegiko hirugarren salak Espainia zigortu zuen 2012ko uztailean eta 'Parot doktrinaren' aplikazioa irregulartzat jo zuen.

Horren aurrean helegitea aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak eta orain behin betiko epaia ezagutaraziko du Estrasburgok.

Epai hori berresten bada, Ines del Rio eta ETAko beste 60 preso aske utzi beharko ditu Espainiak, baina Gobernuak ez du kaleratze masiborik nahi eta dagoeneko Espainiako Barne ministroak ingeniaritza juridikoaz ere hitz egin du, askatasun horiek oztopatzeko asmoz.

2006ko doktrina

Auzitegi Gorenak 2006. urtean erabili zuen aurrenekoz 'Parot doktrina', espetxealdi luzea duten presoak zigor osoa bete baino lehen aske geratzea saihesteko.

Doktrina horrekin, 1973ko Zigor Kodeak aurrez ikusitako zigor murrizketak kondena bakoitzari ezartzen hasi ziren, urte kopuru osoari barik. Henri Parot ETAko kide ohia izan zen doktrina ezarri zioten lehena; horregatik haren izena.

Doktrina horren ondorioz, presoek banan-banan bete behar dituzte zigorrak, murrizketak kontuan hartuta, eta bat betetzen amaitu eta gero, hurrengoa betetzen hasi behar dute, 30 urteko mugara heldu arte. Hori bai, zigor batean ezarritako murrizketak ez dira kontuan hartzen hurrengo zigorrean.

Hasieran, 'Parot doktrina' ETAko presoei baino ez zieten ezarri, baina azkenean preso arruntei ere ezarri diete, Pedro Luis Gallego "igogailuaren bortxatzailea"ri kasu.

Helegiteetan, presoek argudiatu zuten doktrina Konstituzioaren aurkakoa dela.

Erreakzioak

Auzitegi Nazionalak ostiralean aztertuko du Estrasburgoko epaiak terrorismoagatik zigortutako presoei nola eragingo dien.

Epaileek Del Rioren inguruan hartuko dute erabakia, baina epaiak 'Parot doktrina' aplikatu zaien preso guztiei eragingo die.

Efe agentziak jakitera eman duenez, ETAko 61 presori, GRAPOko 6ri eta 15 gaizkile arrunti eragingo die Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiak.

13:00ean, Alberto Ruiz Gallardon Justiziako ministroak eta Jorge Fernández Diaz Barne ministroak agerraldia egingo dute, ebazpen horren inguruko balorazioa egiteko.

Bestalde, hainbat eragilek eta elkartek manifestazioak egingo dituzte Euskal Herriko hiriburuetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak bideoak ETA albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Espetxe politika Estrasburgoko Auzitegia epaiketak