Politika -
Parot-en kontrako epaia
Jaurlaritza: 'Kartzela-politikan aro berri bat hasteko unea heldu da'
Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia "bake politika berri baterako aukera bezala ulertu" behar dela uste du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia positibotzat jo du, eta espetxe-politikari buruzko "gogoeta partekatu" bat hasteko deia egin du. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du unea dela etapa berri bati hasiera emateko.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia "bake politika berri baterako aukera bezala ulertu" behar dela uste du Iñigo Urkullu lehendakariak.
Erkorekak Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Parot doktrinaren inguruan emandako epaiaren balorazioa egin du gaur, astelehena, goizean Jaurlaritzaren egoitzan, Lakuan (Gasteiz).
Sala Nagusiak emandako epaia irmoa da, eta ezin zaio helegiterik aurkeztu. Horren arabera, Espainiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean jasotako 7. eta 5.1 artikuluak urratu ditu, "ez dago legerik gabeko zigorra" eta "askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea", hurrenez hurren.
Sententziak Ines del Rio "ahalik eta arinen" aske uzteko deia egin dio Estatu espainiarrari eta 30.000 euroko isuna ordaindu beharko dio hiru hilabeteren buruan "kalte morala" argudiatuta.
Josu Erkoreka bozeramaileak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak bi eskaera egiten ditu: batetik, ezker abertzaleari epaiaren emaitza arduraz eta epe luzeko ikuspegiz kudeatzeko eskatu dio. Bestetik, Espainiako Gobernuari espetxe-politikaren etapa berri bat irekitzeko eskatu dio, hiru gako oinarri hartuta: legaltasun-printzipioa, errealitate-printzipioa eta adostasun-printzipioa.