Politika -

Memoriaren Eguna

Indarkeriaren biktimak oroitzeko omenaldia Donostian, Udalak deituta

Ekitaldia xumea izan da eta loreak utzi dituzte biktimak gogoratzeko monolitoaren aurrean, Alderdi Ederren. PPk ez du ekitaldian parte hartu alkateak biktima guztiak omendu nahi izan dituelako.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udalak indarkeriaren biktimak oroitzeko ekitaldia egin du larunbat honetan, Memoriaren Egunaren bezperan. Bilduk, EAJk, eta PSE-EEk parte hartu dute "xumea" izan den ekitaldian, eta loreak utzi dituzte biktimak oroitzeko Alderdi Ederreko Oroimena monolitoaren aurrean. Alderdi Popularrak ez du ekitaldian parte hartu, Donostiako Udalak biktima guztiak omendu nahi izan dituelako.

Eguerdian izan da ekitaldia Alderdi Ederreko Oroimena monolitoan, udal txistulari taldeak girotuta.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateaz gain, Bilduko Jon Albizu eta Naiara Sampedro zinegotziek parte hartu dute ekitaldian. EAJren aldetik ekitaldian izan dira Eneko Goia EAJk Donostiako Udalean duen bozeramailea, eta Aitziber San Roma, Martin Ibabe eta Juan Roman Viles zinegotzi jeltzaleek. PSE-EEko ordezkarien artetik Marisol Garmendia eta Denis Itxaso bertan izan dira, besteak beste.

Halaber, Axun Lasa GALeko hil zuen Jose Antonio Lasaren arreba ere ekitaldian izan da. Bost minutuko isilunea egin ondoren, loreak utzi dituzte monolitoaren aurrean.

Ekitaldiaren ondoren kazetarien aurrean mintzatu da Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea. Horren esanetan, Memoriaren Eguna "biktima guztiak omentzeko eguna da, eta, horregatik, bihotzetik ekitaldi xume hau".

Bederatzi presoren kaleratzeak biktimen artean sortu duen ezinegonaz galdetuta, Memoriaren eguna biktima guztiak oroitzeko eguna dela azpimarratu du, "hori baita gizarteak eskatzen duena eta merezi dutena".

Memoriaren Eguna bihar izaki ekitaldia gaur egitearen arrazoiaz ere galdetu diote Donostiako alkateari, eta azaldu duenez, Giza Eskubideen batzordeko azken bileran omenaldia larunbatera aurreratzea erabaki zuten Behobia-Donostia lasterketarekin bat ez egiteko.

Popularrek ekitaldian ez hartzea erabaki dute. "Denak zeuden gonbidatuta eta ez etortzea erabaki duen alderdiak azalpenak eman beharko ditu", Juan Karlos Izagirreren arabera. Eneko Goia EAJk Donostiako Udalean duen bozeramailearen iritziz, gaurko ekitaldia biktimak omentzeko eta horien mina aitortzeko izan da.

Marisol Garmendia PSE-EEko zinegotziak adierazi duenez, sozialistak beti egon dira biktima guztien alboan, "lehen, orain eta behar den guztietan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea